25 Matanias, Bakbukias, Obadias, Mexulam, Talmon eta Akub ziren atezainak eta tenpluko atalondoko biltegiak zaintzen zituzten.
26 Hauek guztiak, Jotzadaken iloba eta Josueren seme zen Joiakimen garaian eta Nehemias gobernariaren eta Esdras apaiz eta lege-maisuaren garaian bizi izan ziren.
27 Jerusalemgo harresiaren sagarapen-jaia egiterakoan, lebitarrak beren bizileku guztietatik Jerusalemera etorrarazi zituzten, sagarapen-jaia alai ospatzeko, gorespen-kantuz, txilin, lira eta harpa-soinuz.
28 Kantariak Jerusalem inguruetatik nahiz netofatarren herrixketatik,
29 Bet-Gilgal, Geba eta Azmabetetik bildu ziren. Izan ere, kantariek herrixkak egin baitzituzten Jerusalem inguruan.
30 Apaizek eta lebitarrek, beren buruaren garbikuntza egin ondoren, herriaren, harresiaren eta ateen garbikuntza egin zuten.
31 Igoarazi nituen Judako buruzagiak harresiaren gainera eta bi abestalde egin nituen. Lehenengo abestaldea eskuinera joan zen harresi gainean, Zabortegiko ate aldera.