17 Judako handikiei errieta egin nien, esanez: «Gaiztakerian ari zarete, ez baituzue egun sagaratua aintzakotzat hartzen.
18 Horrela egin zuten zuen gurasoek ere, eta horregatik bidali zigun gure Jainkoak zorigaitz hau, guri eta hiri honi. Eta zuek, larunbata profanatuz, areagotu egiten duzue Israelen kontrako Jainkoaren sumina».
19 Orduz geroztik, larunbat-bezperan, iluntzen hasi bezain laster, Jerusalemgo ateak ixteko agindu nuen, eta larunbat-biharamuna arte ez irekitzeko. Eta nire gizonetako batzuk jarri nituen atean, larunbatean inolako zamarik sar ez zedin.
20 Merkatariek eta zernahi saltzera zetozenek larunbat-gau bat edo beste Jerusalemdik kanpo igaro behar izan zuten.
21 Baina honela adierazi nien: «Zergatik igarotzen duzue gaua hor harresiaren aurrean? Berriro hori egiten baduzue atxilotu egingo zaituztet!» Harrezkero, ez ziren gehiago larunbatez agertu.
22 Orduan, beren garbikuntza egin eta ateak zaintzera joateko agindu nien lebitarrei, larunbataren santutasuna errespetatua izan zedin.«Izan gogoan hau ere, ene Jainko; erruki nitaz, hain onbera baitzara!»
23 Judu batzuk emakume axdodtar, amondar eta moabdarrekin ezkondu zirela ere jakin nuen egun haietan.