11 Heldu nintzen, bada, Jerusalemera eta hiru egunez atseden hartu nuen.
12 Ez nion inortxori ere adierazi Jainkoaren eraginez Jerusalemen egin nahi nuena. Gauez atera nintzen gizon banaka batzuekin, neu ninderaman astoa beste abererik hartu gabe.
13 Atera nintzen, bada, gauez Haraneko atetik eta Herensugearen iturri aldera eta Zabortegiko ate aldera hartu nuen. Harresien alde hura arakatu nuen: harresiak zulatuak zeuden eta ateak suak kiskaliak.
14 Handik Iturriko ate aldera eta Erregearen urtegirantz jo nuen, baina gainean ninderaman abereak ez zuen handik igarotzeko lekurik.
15 Artean gaua zen; igo nintzen erreka-bidean gora, eta harresiak arakatu nituen. Gero, Haraneko atetik sartuz, hirira itzuli nintzen berriro.
16 Agintariek ez zekiten nondik nora ibili nintzen, ezta zer egin nuen ere; ez bainien juduei beraiei ere deus agertu. Apaizak, handikiak, agintariak eta lan-arduradun izango zirenak ezjakinean zeuden.
17 Esan nien, bada: «Ikusten duzue nolako atsekabetan gabiltzan: Jerusalem hondatua dago eta bertako ateak kiskaliak. Ea, eraiki ditzagun Jerusalemgo harresiak, atera gaitezen egoera lotsagarri honetatik!»