1 Eliaxib apaiz nagusiak eta beronen apaizkideek ekin zioten, beraz, lanari, eta Ardien atea egin zuten. Sagaratu ondoren, ate-alderdiak konpondu zituzten. Gero, Ehunen dorreraino konpondu zuten harresia eta, sagaratu ondoren, Hananeelen dorreraino jarraitu zuten.
2 Haien ondoan Jerikoko gizonak ari izan ziren lanean eta hauen aldamenean Imriren seme Zakur.
3 Hasenaaren ondorengoek Arrainen atea berregin zuten; zurezko armazoia egin ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zizkioten.
4 Hauen ondoren Hakotzen iloba eta Uriasen seme zen Meremotek jardun zuen lanean; harantzago, berriz, Mexezabeelen iloba eta Berekiasen seme zen Mexulamek, eta honen aldamenean Baanaren seme Tzadokek.
5 Gero, tekoarrak zetozen; baina hauen arteko handikiek ez zuten lan-arduradunen esanetara jarri nahi izan.
6 Jexanako atea, Paxeahen seme Joiadak eta Besodiasen seme Mexulamek berregin zuten; zurezko armazoia egin ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zituzten.