15 Iturriko atean, Kol-Hozeren seme eta Mitzpa herrialdeko buru zen Xalumek jardun zuen; jaso eta gaina eman ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zizkion; berak konpondu zuen Erregearen lorategi ondoan dagoen Siloeko uraskaren ondoko harresi-zatia ere, Daviden hiritik jaisten diren harmailetaraino.
16 Harantzago, Azbuken seme eta Bet-Tzurreko barruti erdiaren buru zen Nehemiasek egin zuen lan, Daviden hilobien aurrean, urmaeleraino eta gudarien kuarteleraino.
17 Hurrengo zatietan lebitarrek jardun zuten: Baniren seme Rehumek eta, ondoren, Keilako herri-barruti erdiaren buru zen Haxabiasek bere barrutiaren izenean;
18 ondoren, Henadaden seme eta Keilako beste herri-barruti erdiaren buru zen Binui aritu zen;
19 Josueren seme eta Mitzpako buru zen Ezerrek harresiaren ertzean dagoen armategiko aldapa-aurrealdea konpondu zuen.
20 Honen aldamenean, Zebairen seme Barukek egin zuen lan, Zokotik Eliaxib apaiz nagusiaren etxeko ateraino.
21 Harantzago, Akotzen iloba eta Uriasen seme zen Meremotek, Eliaxiben etxeko atetik etxe beraren ertzerainoko sailean jardun zuen.