7 Horien aldamenean Gabaongo Melatiasek eta Meronoteko Jadonek jardun zuten lanean, Gabaongo eta Mitzpako beste gizon batzuekin batera, Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernariaren kontura.
8 Harantzago, Harhaias zilarginaren seme Uziel ari izan zen, eta honen ondoan Hananias lurringilea. Hauek, harresi zabaleraino heldu arte egin zuten lan Jerusalemen.
9 Hurrengo tartean, Hurren seme eta Jerusalemgo barruti erdiaren buru zen Refaiasek jardun zuen.
10 Harantzaxeago, Harumafen seme Jedaiasek bere etxe aurreko zatia konpondu zuen; ondoren, Haxabniasen seme Hatux ari izan zen.
11 Beste zati batean, Labeen dorrerainokoan, Harimen seme Melkiasek eta Pahat-Moaben seme Haxubek egin zuten lan.
12 Hauen ondoan, Halohexen seme eta Jerusalemen beste barruti erdiaren buru zen Xalumek jardun zuen, bere alabek laguntzen ziotela.
13 Hanunek eta Zanoaheko bizilagunek berregin zuten Haraneko atea; eraiki ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zituzten; gainera, bostehunen bat metrotan konpondu zuten harresia Zabortegiko ateraino.