1 Herri guztia gizon bakar bat bezala bildu zen Ur-ate aurreko plazan. Jaunak Moisesen bitartez Israeli emandako legearen liburua ekartzeko esan zioten Esdras lege-maisuari.
2 Ekarri zuen, beraz, liburua Esdras apaizak, gizon-emakume eta ezaguera zuten guztien batzarrera. Zazpigarren hileko lehen eguna zen.
3 Eta goizetik eguerdiraino Ur-ate aurreko plazan batzar osoari irakurtzen aritu zitzaion. Herria adi-adi zegoen.
4 Esdras lege-maisua hartarako egin zuten oholtza gainean zegoen zutik; eskuinean Matitias, Xema, Anaias, Urias, Hilkias eta Maaseias zituen; ezkerrean, aldiz, Pedaias, Mixael, Malkias, Haxum, Haxbadana, Zakarias eta Mexulam.
5 Zabaldu zuen Esdrasek liburua herri osoaren aurrean, denak begira zituela; liburua zabaltzearekin batera, herri osoa zutitu egin zen.
6 Gero, Jauna, Jainko handia, goretsi zuen Esdrasek, eta herriak «Amen! Amen!» erantzun zuen, eskuak jasorik; ondoren, makurtu eta lurreraino ahuspeztu ziren Jauna gurtzeko.