4 Esdras lege-maisua hartarako egin zuten oholtza gainean zegoen zutik; eskuinean Matitias, Xema, Anaias, Urias, Hilkias eta Maaseias zituen; ezkerrean, aldiz, Pedaias, Mixael, Malkias, Haxum, Haxbadana, Zakarias eta Mexulam.
5 Zabaldu zuen Esdrasek liburua herri osoaren aurrean, denak begira zituela; liburua zabaltzearekin batera, herri osoa zutitu egin zen.
6 Gero, Jauna, Jainko handia, goretsi zuen Esdrasek, eta herriak «Amen! Amen!» erantzun zuen, eskuak jasorik; ondoren, makurtu eta lurreraino ahuspeztu ziren Jauna gurtzeko.
7 Josue, Bani, Xerebias, Jamin, Akub, Xabtai, Hodias, Maaseias, Kelita, Azarias, Jozabad, Hanan eta Pelaias lebitarrek legearen azalpena egin zioten herriari. Bitartean zutik zegoen herria.
8 Lebitarrek zehatz eta garbi irakurtzen zuten Jainkoaren legea, esanahia azalduz, herriak ulertzeko eran.
9 Herri osoak negarrari eman zion legearen hitzak entzutean. Orduan, Nehemias gobernariak, Esdras lege-maisuak eta irakasten ari ziren lebitarrek esan zioten herriari: «Gaurko eguna Jaunari, gure Jainkoari, sagaratua dugu. Beraz, ez egon triste, ez egin negarrik».
10 Gainera, esan zien: «Zoazte eta jan haragi guria, edan edari bikainak, eta bidali janaria ezer ez dutenei ere, egun hau Jaunari sagaratua baita. Ez atsekabetu, Jaunarengandiko pozak ematen baitizue indar!»