9 Herri osoak negarrari eman zion legearen hitzak entzutean. Orduan, Nehemias gobernariak, Esdras lege-maisuak eta irakasten ari ziren lebitarrek esan zioten herriari: «Gaurko eguna Jaunari, gure Jainkoari, sagaratua dugu. Beraz, ez egon triste, ez egin negarrik».
10 Gainera, esan zien: «Zoazte eta jan haragi guria, edan edari bikainak, eta bidali janaria ezer ez dutenei ere, egun hau Jaunari sagaratua baita. Ez atsekabetu, Jaunarengandiko pozak ematen baitizue indar!»
11 Lebitarrak ere herria lasaitu nahirik zebiltzan, esanez: «Ixo, gaurko hau egun santua da; ez egon triste!»
12 Joan zen, bada, herri osoa jan/edatera, eta zer janik ez zuenari ere banatu zioten; pozaren pozez egin zuten jai, ulertu baitzituzten entzundako hitzak.
13 Hurrengo egunean, herri osoko familiaburuak, apaizak eta lebitarrak Esdras lege-maisuaren ondora bildu ziren legeak irakasten duena hobeki aztertzeko.
14 Eta Jaunak Moisesen bidez eman zuen legean agindu hau aurkitu zuten: israeldarrek etxoletan bizi behar zutela zazpigarren hileko jaietan,
15 eta Jerusalemen eta beste hiri guztietan hauxe iragarri behar zutela: «Atera mendira eta ekarri handik olibondo, pinu, mirto, palmondo eta orridun zuhaitzen adarrak, etxolak egiteko».