1 Epaileen garaian gosetea izan zen Israel herrian. Gauzak honela, han joan zen bizitzera Moab lurraldera, aldi baterako, Judako Belengo gizon bat bere emazte eta bi semeekin.
2 Gizon hari Elimelek zeritzan, emazteari Noemi eta semeei Mahlon eta Kilion. Efratar leinukoak ziren, Judako Belengoak. Moaben bizi zirelarik,
3 hil zitzaion Noemiri Elimelek bere senarra, eta bi semeekin bakarrik gelditu zen.
4 Hauek emakume moabdarrak hartu zituzten emazte: batak Orpa zuen izena eta besteak Rut. Hamarren bat urtez han bizi ondoren,
5 hil ziren Mahlon eta Kilion ere. Noemi, ez senar ez seme, bakarrik gelditu zen.
6 Gerora, Moab lurraldean zegoelarik, entzun zuen Noemik Jauna bere herriari aldeko agertu zitzaiola uzta ugaria emanez.
7 Hala, bere bi errainekin, Moab uzteko prestatu eta Judarantz abiatu ziren.