13 Rutek ihardetsi zion:—Bai ona zarela nirekin, jauna! Zure mirabeetako edozein baino gutxiago nauzun honi bihotzera mintzatu zatzaizkio.
14 Bazkal orduan Boozek esan zion Ruti: «Zatoz, hartzazu ogi-puska bat, busti saltsatan eta jan».Eseri zen, bada, Rut igitarien ondoan eta Boozek xigortutako ale eskutada bat eskaini zion. Hark asetzeraino jan zuen eta, halere, sobera geratu zitzaion.
15 Gero, garagarburuak biltzera joan zenean, Boozek agindu hau eman zien morroiei: «Utz iezaiozue garagar-sortetatik ere biltzen, eragozpenik gabe.
16 Are gehiago, sortetatik garagarburuak aterako dituzue eta apropos erortzen utziko, berak jaso ditzan. Ez egin errietarik».
17 Arratsa arte garagarburuak biltzen aritu zen soroan eta, garagarra jo ondoren, hogeita hamar bat kilo atera zituen.
18 Gainean harturik, herrira itzuli eta amaginarrebari erakutsi zion bildutako guztia. Bazkaritik geratua ere eman zion.
19 Noemik galdegin zion:—Non aritu zara gaur garagar-biltzen? Noren soroan egin duzu lan? Jaunak bedeinka beza zutaz arduratu den hori.Rutek, orduan, Booz izeneko baten soroan lan egin zuela kontatu zion Noemiri.