10 Izan ere, Jainkoak eginak gara; Kristo Jesusengan sortu gaitu, on egiten saia gaitezen, Jainkoak guretzat aurrez erabakia zuen bezala.
11 Zuei, jaiotzaz jentil zaretenoi, juduek, gorputzean egina duten erdainkuntzagatik «erdainduak» direneko horiek, «erdaingabe» deitzen zizueten. Ez ahaztu
12 lehenago ez zenutela Mesiasik, ezta parterik ere Israel herriko eskubideetan; ez zenutela zerikusirik Jainkoaren agintzari eta itunekin, eta itxaropenik gabe eta Jainkoa gabe bizi zinetela munduan.
13 Orain, berriz, Kristo Jesusenak eginik, garai batean urruti zinetenok, hurbildu egin zarete Kristoren heriotzari esker.
14 Izan ere, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu berak bi herriak, bereizten zituen etsaigoaren hesia deseginez. Bere gorputzean
15 baliogabetu egin du legea bere agindu eta arauekin, eta bi herriekin gizadi berri bakarra sortu du bere baitan, bakeak eginez.
16 Bi herriak Jainkoarekin adiskidetu ditu eta gurutzeko heriotzaren bidez gorputz bakar batean elkartu, beraien arteko etsaigoa suntsituz.