6 Asko ereiten duzue eta gutxi jasotzen. Jaten duzue, baina ez zarete betetzen. Edaten duzue, baina ez asetzen. Janzten zarete, baina ez berotzen. Poltsa zulatuan erortzen zaizkizue lanaren irabaziak.
7 «Beraz, honela diotsuet nik, Jaun ahalguztidunak: Egizue gogoeta zeuen egoeraz.
8 Igo mendira, ekarri egurra eta eraiki berriro nire etxea. Atsegin izango nuke hori, eta neure aintza agertuko nuke han.
9 Uzta ederra espero zenuten eta eskasa bildu. Etxean jaso duzuen apurra, berriz, putz egin eta sakabanatu egin dut. Zergatik hori?, galdetzen dizuet nik, Jaun ahalguztidunak. Ba, nire etxea lur jota dagoelako, zuek denok zeuen etxeekin saiatzen zareten bitartean.
10 Horregatik ukatzen dizue zeruak ihintza eta lurrak fruitua.
11 Neuk agorrarazi ditut lurra eta mendiak, gari-sail, mahasti eta olibondoak, lurraren emaitza guztia; baita gizaki, abere eta zuen eskulan guztiak ere».
12 Xealtielen seme Zorobabelek eta Jotzadaken seme Josue apaiz nagusiak eta herrian gelditzen ziren guztiek arretaz hartu zuten beren Jainko Jaunaren esana, hau da, Jainko Jaunaren mandatuz Ageo profetak eman zien mezua. Eta beldur izan zion herriak Jaunari.