2 Pedro 1 EABD

Agurra

1 Nik, Simon Pedrok, Jesu Kristoren zerbitzari eta apostolu honek, zuei idazten dizuet, gure Jainko eta Salbatzailea den Jesu Kristoren salbamen-indarrari esker gurea bezain fede baliotsua iritsi duzuenoi.

2 Grazia eta bakea oparo izan ditzazuela, Jainkoaren eta Jesus gure Jaunaren ezagutzari esker.

Kristau-bokazioa

3 Jainkoak, bere ahalmenaz, erlijio-bizitzarako behar den guztia eman digu, bere aintza eta indarraz deitu gintuen Jesus ezagutaraziz.

4 Honela, agindutako ondasun baliotsu eta bikainak ere eman dizkigu, grina txarrek munduan eragiten duten ustelkeriatik ihes eginez, jainkozko izaeraren partaide izan zaitezten.

5 Horregatik, saia zaitezte gogoz zeuen fedearekin batera bertutea izaten, bertutearekin ezagutza,

6 ezagutzarekin neurritasuna, neurritasunarekin eroapena, eroapenarekin jainkozaletasuna,

7 jainkozaletasunarekin senide-batasuna eta senide-batasunarekin maitasuna.

8 Jarrera hauek guztiak zuengan gero eta gehiago indartzen badituzue, lagungarri izango dituzue eta Jesu Kristo gure Jauna gero eta hobeto ezagutzera eramango.

9 Baina jarrera horiek ez dituena itsua eta bista motzekoa da, ahaztu egin baitu garbitu egin duela Jainkoak bere lehenagoko bekatuetatik.

10 Senideok, Jainkoak deitu eta aukeratu zaituzte: saia zaitezte egoera hori sendotzen; hori eginez gero, ez duzue sekula huts egingo

11 eta zabal-zabal irekiko zaizkizue Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailearen betiko erreinuko ateak.

Apostoluen testigantza eta profeten hitzak

12 Horregatik, ez naiz aspertuko zuei gauza hauek gogorarazten, nahiz eta zuek jakin eta irakatsi zaizuen egian sendo egon.

13 Izan ere, bidezko iruditzen zait, mundu honetan bizi naizen bitartean, zuek bizkortzea zenbait gauza gogoratuz,

14 badakit-eta laster utzi beharko dudala mundu hau, Jesu Kristo gure Jaunak agertu didanez.

15 Baina ahalegin guztiak egingo ditut, gauzok beti, baita ni hil ondoren ere, gogoan izan ditzazuen.

16 Jesu Kristo gure Jaunaren ahalmenezko etorrerari buruz hitz egin genizuenean, ez ginen oinarritu irudipenezko ipuinetan, geure esperientzian baizik, geure begiz ikusi baikenuen haren handitasuna.

17 Jesusek Jainko Aitarengandik hartu zituen ohorea eta aintza, honela esan baitzion Jainkoaren ospe bikainetik etorritako mintzoak: «Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut nik atsegin».

18 Guk geuk entzun genuen zerutik etorritako mintzo hori, mendi santuan Jesusekin geundela.

19 Badugu profeten hitza ere, hitz guztiz sendoa, eta zuek ederki egiten duzue hitz horri adi-adi egonez: toki ilunean argi egiten duen kriseilua bezala da zuentzat, eguna zabaldu eta goizeko izarra zuen bihotzetan jaiki arte.

20 Baina, aurrez, hau jakin behar duzue: ezin dituela inork Liburu Santuetako profeziak bere kontura adierazi.

21 Izan ere, antzinako profetek ez zuten beren kabuz hitz egin, baizik eta, Espiritu Santuak gidaturiko gizonak zirenez, Jainkoaren partetik hitz egin zuten.

Kapituluak

1 2 3