5 Norbaitek hondatu nahi baditu, sua aterako da haien ahotik eta etsaiak kiskaliko ditu; horrelaxe hilko da beroriek hondatu nahi dituen oro.
6 Hauek zerua ixteko ahalmena dute, profetizatzen ari izango diren garaian euririk egin ez dezan; ura odol bihurtzeko ahalmena ere badute, eta nahi duten guztietan lurra edozein izurriz zigortzekoa ere bai.
7 Baina, beren testigantza amaitzean, leizetik igoko den piztiak borroka egingo die, menderatu eta hil egingo ditu.
8 Haien gorpuak irudizko hizkeran Sodoma nahiz Egipto deritzan hiri handiko plazan geldituko dira, haien Jauna ere gurutziltzatu zuten leku berean.
9 Herri, arraza, hizkuntza eta nazio guztietako jendea etorriko da hiru egun eta erdiz gorpuak ikustera eta ez du utziko haiei lur ematen.
10 Lurreko bizilagunek poztu eta festa egingo dute haien kontura, elkarri esku-erakutsiak eginez, profeta biok samin larria sortzen baitzieten lurreko bizilagunei.
11 Hiru egun eta erdiak igaro ondoren, ordea, Jainkoak bidalitako bizi-arnasa bi testiguen baitan sartu zen, zutik jarri ziren, eta beldur handiak hartu zituen begira zeudenak.