1 Gero, Bildotsa ikusi nuen Sion mendiaren gainean zutik, eta harekin batera ehun eta berrogeita lau mila lagun, Bildotsaren eta honen Aitaren izena bekokian idatzia zeramatenak.
2 Zerutik zetorren hotsa entzun nuen, ur handien edo trumoi handi baten burrunba bezalakoa, beren zitarak jotzen ari diren zitara-jotzaileen hotsa bezalakoa.
3 Kantu berria ari ziren kantatzen tronuaren aurrean, lau bizidunen eta zaharren aurrean. Inork ere ez zezakeen kantu hura ikas, lurrekoen artetik salbaturiko ehun eta berrogeita lau mila haiek baizik.
4 Hauek garbi gorde zituzten bihotzak, ez baitziren idolatriaz kutsatu, eta orain Bildotsari jarraitzen diote noranahi. Gizakien artetik salbatuak eta Jainkoarentzat eta Bildotsarentzat lehen fruitu bezala eskainiak izan dira;
5 haien ahoan ez zen maltzurkeriarik, akats gabeak dira.
6 Gero, beste aingeru bat ikusi nuen zeru goian hegan, eta betiko balio duen mezua iragarri behar zien lurreko bizilagun guztiei, nazio, arraza, hizkuntza eta herri guztiei.
7 Hots handiz zioen: «Izan begirune Jainkoari eta eman aintza berari, etorri baita berak mundua epaituko duen ordua; adora ezazue, zerua eta lurra, itsasoa eta ur-iturriak egin zituena».