4 Hauek garbi gorde zituzten bihotzak, ez baitziren idolatriaz kutsatu, eta orain Bildotsari jarraitzen diote noranahi. Gizakien artetik salbatuak eta Jainkoarentzat eta Bildotsarentzat lehen fruitu bezala eskainiak izan dira;
5 haien ahoan ez zen maltzurkeriarik, akats gabeak dira.
6 Gero, beste aingeru bat ikusi nuen zeru goian hegan, eta betiko balio duen mezua iragarri behar zien lurreko bizilagun guztiei, nazio, arraza, hizkuntza eta herri guztiei.
7 Hots handiz zioen: «Izan begirune Jainkoari eta eman aintza berari, etorri baita berak mundua epaituko duen ordua; adora ezazue, zerua eta lurra, itsasoa eta ur-iturriak egin zituena».
8 Bigarren aingeru bat etorri zen ondoren, esanez: «Erori da, erori, Babilonia handia, herri guztiak bere prostituzio-ardoz mozkortu zituena».
9 Ondoren, hirugarren aingeru bat etorri zen, ahots handiz esanez: «Norbaitek piztia eta beronen irudia gurtzen baditu eta bekokian nahiz eskuan haren marka hartzen,
10 Jainkoaren sumin-ardoa edan beharko du, haren zigor-kopan nahasgabe garbi prestatua dagoena. Suz eta sufrez oinazetuko dute aingeru santuen eta Bildotsaren aurrean.