14 Badut, ordea, zertxobait zure aurka: hor dituzula zeurekin Balaamen irakatsiei jarraitzen dieten batzuk; hark irakasten zion Balak-i israeldarrak nola erorarazi bekatuan, sasijainkoei eskainiriko haragia jatera eta Jainkoarekiko desleial izatera bultzatuz.
15 Era berean, zuk ere badituzu nikolaiten irakatsiei jarraitzen dieten batzuk.
16 Damu zaitez, beraz; bestela, zuregana joango naiz laster eta horien aurka borroka egingo dut neure ahoko ezpataz.
17 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari mana ezkutua emanen diot, eta harritxo txuri bat ere bai, eta harritxoan izen berri bat idatzia, hartzen duenak bakarrik ezagutuko duena.
18 Idatz iezaiozu Tiatirako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen Jainkoaren Semeak, begiak sugarra bezalako eta oinak brontze goriaren antzeko dituenak:
19 Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak, zure maitasuna, fedea, zerbitzugintza eta eroapena; zure azken egintzak lehenengoak baino ere bikainagoak dira.
20 Baina badut zerbait zure aurka: bere burua profetesatzat duen Jezabel horri utzi egiten diozula bere irakatsiekin nire zerbitzariak engainatzen, Jainkoarekiko desleial izan eta sasijainkoei eskainiriko haragia jatera bultzatuz.