9 Lur zabalean hedatu ziren eta fededunen kanpalekua eta hiri maitea inguratu zituzten. Jaitsi zen, ordea, zerutik sua eta irentsi egin zituen.
10 Eta deabrua, haiek liluratu zituena, su eta sufrezko aintzirara jaurtia izan zen; hantxe daude piztia eta sasiprofeta ere. Gau eta egun oinazetuko dituzte han menderen mendetan.
11 Tronu handi zuri bat ikusi nuen, baita bertan eseria zegoena ere; beronen aurretik ihes egin zuten lurrak eta zeruak eta aztarnarik utzi gabe desagertu.
12 Eta hildakoak ikusi nituen, handi nahiz txiki, tronuaren aurrean zutik. Liburuak ireki zituzten; beste liburu bat ere ireki zuten, biziaren liburua; eta hildakoak liburuetan idatzirik zegoenaren arabera epaitu zituzten, bakoitza bere egintzen arabera.
13 Itsasoak bere baitan zeuzkan hilak itzuli zituen eta, orobat, Herioak eta Hildakoen Egoitzak, eta nor bere egintzen arabera epaitua izan zen.
14 Herioa eta Hildakoen Egoitza suzko aintzirara bota zituzten; suzko aintzira bigarren heriotza da.
15 Izena biziaren liburuan idatzirik ez zutenak ere suzko aintzirara jaurti zituzten.