16 Hiria karratua zen, luze bezain zabal. Neurtu zuen, bada, hiria makilaz, eta bi mila kilometrotik gora zen; luzera, zabalera eta altuera berdinak ziren.
17 Gero, harresia neurtu zuen, eta hirurogeita hamar metro zen, aingeruak erabili zituen giza neurrien arabera.
18 Harresia jaspezkoa zen eta hiria urre hutsezkoa, beira garbiaren antzekoa.
19 Hiriko harresiaren oinarriak era guztietako harribitxiz zeuden apainduak: lehenengo oinarria jaspez, bigarrena zafiroz, hirugarrena kaltzedonioz, laugarrena esmeraldaz,
20 bosgarrena sardonizez, seigarrena kornalinaz, zazpigarrena krisolitoz, zortzigarrena beriloz, bederatzigarrena topazioz, hamargarrena agataz, hamaikagarrena hiazintoz, hamabigarrena amatistaz.
21 Eta hamabi ateak hamabi perla ziren, bakoitza perla bakarraz egina, eta hiriko plaza urre hutsezkoa, beira gardena bezalakoa.
22 Ez nuen inolako tenplurik ikusi, zeren Jauna, Jainko ahalguztiduna, eta Bildotsa baitira hango tenplu.