5 Ez da aurrerantzean gaurik izango; ez dute kriseilu-argirik, ez eguzki-argirik beharko, Jainko Jaunak egingo baitie argi, eta errege izango dira menderen mendetan.
6 Aingeruak esan zidan: «Egiazkoak eta fidagarriak dira hitzok». Jaunak, profetak inspiratu zituen Jainkoak, bere aingerua bidali du, laster gertatzekoa dena bere zerbitzariei erakusteko.
7 Jesusek dio: «Hara, laster nator. Zorionekoa liburu honetan ematen den Jainkoaren mezua kontuan hartzen duena!»
8 Neuk, Joanek, entzun eta ikusi nuen hau guztia. Eta entzun eta ikusi nuenean, erakutsi zidan aingeruaren oinetan ahuspeztu nintzen adoratzeko.
9 Baina hark esan zidan: «Kontuz, ez egin horrelakorik; ni ere zerbitzari naiz, zu eta zure anaia profetak eta liburu honetako mezuari leial eusten diotenak bezalaxe. Jainkoa gurtu behar duzu».
10 Eta gehitu zuen: «Ez gorde isilpean liburu honetako mezu profetikoa, beteko den garaia hurbil baitago.
11 Honezkero, zuzengabeak jarrai beza zuzengabekerian eta zikinak zikinkerian; zintzoak jarrai beza zintzo izaten eta Jainkoarena denak Jainkoarena izaten.