4 Baina badituzu Sardesen beren jantziak zikindu ez dituzten batzuk. Nirekin ibiliko dira zuriz jantzirik, merezi baitute.
5 Garailea zuriz jantziko dute, eta ez dut kenduko haren izena biziaren liburutik; eta haren alde aterako naiz neure Aitaren eta honen aingeruen aurrean.
6 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.
7 Idatz iezaiozu Filadelfiako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen santuak, egiazkoak, Daviden erreinuko giltza duenak —hark irekia ezin du inork itxi eta hark itxia ezin inork ireki—:
8 Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak, eta inork itxi ezin duen atea utzi dut zure aurrean zabalik. Indar handirik ez duzun arren, onartu duzu nire mezua eta ez duzu ukatu nire izena.
9 Horra, Satanasen elkarteko batzuk emango dizkizut nik eskura, judu direla esan arren gezurrontzi huts direnetariko batzuk; zure oinetan ahuspez jartzera behartuko ditut, maite zaitudala jakin dezaten.
10 Iraunkor izateko nire agindua gorde duzulako, nik ere gordeko zaitut, lurreko bizilagunak probatzeko mundu osora iristear dagoen probaldikoan.