Filipoarrei 1 EABD

Agurra

1 Paulo eta Timoteok, Jesu Kristoren zerbitzariok, Filipon bizi zareten kristau fededun guztioi eta bertako elkarte-zuzendari eta laguntzaileoi idazten dizuegu.

2 Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.

PAULO ETA FILIPOKO ELIZ ELKARTEA (1,3-26)

Esker ona eta eskaria

3 Zuetaz oroitzen naizen bakoitzean eskerrak ematen dizkiot neure Jainkoari.

4 Pozik egiten dut zuen guztion alde otoitz beti,

5 lehenengo egunetik orain arte berri onaren zerbitzuan lankide izan baitzaituztet.

6 Badakit ziur, zuengan hain lan ederra hasi zuenak burutu ere egingo duela, Kristo Jesus berriro agertuko den eguna arte.

7 Bidezko iruditzen zait zuen guztionganako dudan sentipen hau, barru-barruan baitzaramaztet; izan ere, partaide zaituztet Jainkoarengandik hartu dudan dohainean, bai preso nagoen honetan, bai berri ona defendatzeko eta sendotzeko aukera dudanean ere.

8 Jainkoa dut lekuko nola nagoen zuek guztiok ikusteko irrikaz Jesu Kristoren maitasun eztiaren eraginez.

9 Eta hauxe eskatzen dut otoitzean: zuen maitasuna izan dadila ezagueraz geroz eta jantziagoa eta sentiberatasunez biziagoa,

10 egokien dena bereizten jakin dezazuen; horrela, Kristo agertuko den egunean garbi eta errugabe aurkituko zaituzte,

11 Jesu Kristok guregan betetzen dituen egintza onetan aberats, Jainkoaren aintza eta gorespenerako.

Paulorentzat bizitzea Kristo da

12 Jakin behar duzue, senideok, bizi dudan egoera berri onaren aurrerapenerako lagungarri gertatu dela.

13 Izan ere, gobernariaren jauregikoek eta gainerako guztiek garbi ikusi dute Kristorengatik nagoela preso.

14 Eta ni preso egoteari esker, gure senide gehienak, Jaunarenganako konfiantzan indarberriturik, ausartago sentitzen dira Jainkoaren mezua beldurrik gabe hots egiteko.

15 Egia da, bai, batzuk bekaizkeriaz eta nireganako etsaigoz ari direla Kristo predikatzen; baina beste batzuk asmo onez ari dira.

16 Hauek maitasunez jokatzen dute, hemen berri ona defendatzeko nagoela jakinik;

17 besteek, berriz, nire aurkako lehian predikatzen dute Kristo; ez dira asmo garbiz ari, nire kate hauek astunago egin nahian baizik.

18 Baina niri zer? Edonola ere, itxurakeriaz nahiz egiaz, Kristo predikatzen dute, eta honek pozten nau. Eta are gehiago poztuko naiz,

19 ondo baitakit, zuen otoitzari esker eta Jesu Kristoren Espirituaren laguntzaz, bizi dudan egoera hau salbamenerako gertatuko zaidala:

20 itxaropen sutsua dut ez didala usteak huts egingo eta ziur nago beti bezala orain ere, bizi nadila ala hil, Kristok bere handitasuna agertuko duela niregan.

21 Izan ere, niretzat bizitzea Kristo da eta hiltzea irabazpide.

22 Baina bizitzen jarraituz lan onuragarria egin ahal baneza, ez nuke jakingo zer hautatu.

23 Alde bietatik nago erakarria: alde batetik, hil egin nahi nuke, Kristorekin egoteko, hau askogatik onena delarik;

24 baina bestetik, nik bizitzen jarraitzea beharrezkoagoa da zuentzat.

25 Eta honetaz ziur nagoelarik, badakit gelditu egingo naizela eta zuekin guztiokin jarraituko oraindik, zuen sinesmenaren aurrerapen eta pozerako.

26 Horrela, zuek ikustera berriro joatean, Kristo Jesusenak izateaz duzuen harrotasuna areagotu egingo da niri esker.

KRISTAU ELKARTEAREN JOKABIDEA (1,27—3,1a)

Sinesmenean sendo

27 Hauxe besterik ez dizuet eskatzen: zuen jokabidea Kristoren berri onari dagokiona izan dadila. Ni zuek ikustera joan ala ez, gauza bera entzun nahi nuke zuetaz: gogo berean sendo zaudetela eta, elkarrekin bat eginik, berri onarekiko leialtasunaren alde borrokan ari zaretela,

28 etsaien aurrean ezertan beldurtu gabe; zuen kemen hori hondamen-bidean daudenaren seinale izango da etsaientzat; zuentzat, ordea, salbamenaren seinale. Hala erabaki du Jainkoak.

29 Izan ere, dohain hau eman dizue Jainkoak: Kristorengan sinestea ez ezik, harengatik sufritzea ere bai,

30 niregan ikusi zenuten eta orain entzuten duzuen borroka berbera egiten duzuelarik.

Kapituluak

1 2 3 4