34 eta esan zien: «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne».
35 Eta aurreraxeago joanik, lurrean erori eta otoizka ari zitzaion Jainkoari, urrun ziezaiola ordu hura, ahal bazen.
36 Honela zioen: «Abba, Aita! Zure esku dago guztia; urrun ezazu niregandik edari samin hau! Baina egin bedi zure nahia, ez nirea».
37 Ikasleengana joan eta lotan aurkitu zituen. Pedrori esan zion: «Simon, lotan? Ordubete ere ezin izan zara erne egon?
38 Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia».
39 Berriro aldendu eta otoitz egin zuen, lehengo hitz berak esanez.
40 Berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten; haiek ez zekiten zer esan.