Markos 7 EABD

Juduen usadioak eta Jainkoaren nahia

1 Behin batean, fariseuak eta Jerusalemdik etorritako zenbait lege-maisu hurbildu zitzaizkion Jesusi,

2 eta konturatu ziren, honen ikasle batzuek otordua esku kutsatuekin egiten zutela, eskuen garbikuntza egin gabe, alegia.

3 Izan ere, fariseuek, eta juduek oro har, ez dute behin ere jaten lehenbizi eskuak arretaz garbitu gabe, zaharren ohiturari tinko eutsiz.

4 Azokatik etxeratzean ere, ez dute jaten garbikuntza egin gabe; eta badute beste hamaika ohiturazko betebehar: hala nola edalontzi, pitxer eta suilen garbiketa.

5 Horrela bada, galdera hau egin zioten fariseuek eta lege-maisuek Jesusi:—Zergatik ez dute zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Nolatan jaten dute esku kutsatuekin?

6 Jesusek erantzun zien:—Itxurazaleok halakook! Ederki asko esan zuen zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi zuenean: Herri honek ezpainez ohoratzen nau, baina niregandik urrun du bihotza;

7 alferrik naute gurtzen; hauen irakaspena giza agindu hutsa.

8 «Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera utzi eta giza ohiturari eusten diozue».

9 Eta jarraitu zuen:—Lasai zokoratzen duzue Jainkoaren agindua zeuen usadioak ezartzeko!

10 Esate baterako, Moisesek esan zizuen: Ohoratu aita-amak, eta: Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du.

11 Zuek, ordea, beste hau diozue: Norbaitek aitari edo amari esaten badio «Zuri eman behar nizukeena “Korban” da (hau da, Jainkoarentzat opari)»,

12 halakoak ez duela aitari edo amari ezertan lagundu beharrik;

13 horrela, Jainkoaren hitza baliogabe uzten duzue, zeuen arteko usadioengatik. Eta horrelakoak asko egiten dituzue.

Zerk kutsatzen du gizakia?

14 Jesusek berriro jendeari dei egin eta esan zion: «Entzun niri denok eta ulertu ongi!

15 Ez da deus ere, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, hau kutsa dezakeenik; barrutik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia». (

16 ).

17 Jendearengandik alde egin eta etxeratu zenean, hitz horien esanahiaz galdetu zioten ikasleek.

18 Jesusek esan zien:—Beraz, ez duzue zuek ere ulertzen? Ez al duzue ikusten kanpotik sartzen zaion ezerk ez dezakeela gizakia zikindu?

19 Sartu, ez baitzaio bihotzera sartzen, sabelera baizik, eta handik komun-zulora.Hitz hauekin, janari guztiak garbiak direla adierazi nahi zuen.

20 Eta erantsi zuen:—Gizakiaren barrutik irteten denak, horrek bai egiten duela gizakia zikin!

21 Izan ere, barrutik, gizakiaren bihotzetik, ateratzen dira asmo txarrak, lizunkeria, lapurretak, hilketak,

22 adulterioak, diru-gosea, gaiztakeriak, maltzurkeria, lasaikeria, bekaizkeria, irainak, harrokeria, burugabekeria.

23 Gaiztakeria guztiok barrutik irteten dira, eta hauek dute gizakia kutsatzen.

Jesusek emakume feniziarraren alaba sendatu

24 Handik, Tiro aldera joan zen Jesus. Etxe batean sartu zen, eta ez zuen inork jakiterik nahi; baina ezin izan zen ezkutuan egon.

25 Alaba espiritu gaiztoak hartua zeukan emakume bat, Jesusen berri jakin zuenekoxe, etorri eta oinetan ahuspeztu zitzaion.

26 Emakumea jentila zen, feniziarra. Eta bere alabagandik deabrua bota zezala eskatzen zion Jesusi.

27 Jesusek erantzun:—Utzi lehenik seme-alabak asetzen; ez dago ongi seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea.

28 Emakumeak erantzun zion:—Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte seme-alaben ogi-apurrak mahai azpian.

29 Orduan, Jesusek:—Ederra erantzuna! Zoaz, bada; atera da deabrua zure alabagandik.

30 Itzuli zen etxera eta ohean etzana aurkitu zuen alaba; alde egina zen deabrua.

Gor-mutua sendatu

31 Utzi zuen Jesusek Tiro aldea eta, Sidonen barrena, Galileako aintzirara iritsi zen berriro, Dekapolisko lurraldean zehar.

32 Gizon gor bat eraman zioten, hizmotela gainera, eta eskua ezartzeko eskatu zioten.

33 Jesusek, jendearengandik aparte harturik, hatzak belarrietan sartu zizkion eta listuz mihia ukitu.

34 Gero, zerura begiratuz, hasperen egin eta esan zion: «Effata!» (hau da, «Ireki!»).

35 Eta une berean, ireki egin zitzaizkion belarriak, mihia askatu eta garbi hitz egiten hasi zen.

36 Gertatua inori ez aipatzeko agindu zien Jesusek; baina zenbat eta gehiago agindu, orduan eta areago zabaltzen zuten.

37 Eta biziki harrituta, honela zioten: «Ongi egin du dena: gorrei entzunarazi eta mutuei hitz eragin».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16