54 Pedro Jesusen ondoren joana zen, urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiekin batera eserita, sutondoan berotzen ari zen.
55 Apaizburuak eta Biltzar Nagusi* osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko, baina ezin zuten aurkitu;
56 askok haren kontra gezurrezko testigantzak egiten bazituzten ere, haien lekukotasunak ez zetozen bat.
57 Batzuek zutitu eta gezurrezko testigantza hau egin zuten Jesusen kontra:
58 «Geuk entzun diogu esaten: Nik, giza eskuz egindako santutegi hau desegingo dut eta hiru egunetan beste bat eraikiko, giza eskuz egin gabea».
59 Baina honetan ere ez zetozen bat beren esanetan.
60 Orduan, apaiz nagusiak, biltzarraren erdian zutik, galdetu zion Jesusi:—Ez al diezu deus ere erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?