14 Beste ikasleengana itzuli zirenean, jendetza handia ikusi zuten haien inguruan, eta lege-maisu batzuk haiekin eztabaidan.
15 Jendea harriturik gelditu zen Jesus ikustean eta lasterka joan zitzaizkion agurtzera.
16 Jesusek galdetu zien:—Zer zenuten horiekin eztabaidan?
17 Jendarteko batek erantzun zion:—Maisu, hemen ekarri dizut neure seme hau: hitzik egiten uzten ez dion espiritua dauka.
18 Non edo han espiritua jabetzen zaionean, lurrera botatzen du, eta mutikoa, lerdea dariola eta hortz-karraska, gogor-gogor gelditzen da. Zure ikasleei eskatu diet espiritua botatzeko, baina ezin izan dute.
19 Jesusek esan zien:—Hau gizaldi sinesgogorra! Noiz arte egon behar ote dut zuen artean? Noiz arte jasan behar ote zaituztet? Ekarri mutila.
20 Eraman egin zioten. Jesus ikusteaz batera, espirituak gogor astindu zuen mutikoa, eta lurrean iraulka eta lerdea zeriola utzi.