Ageo 2 EABD

Jaunaren etxe berriaren ospea

1 Zazpigarren hilaren hogeita batean, Ageo profetaren bitartez berriro mintzatu zen Jauna,

2 eta Xealtielen seme Zorobabel Judako gobernariari eta Jotzadaken seme Josue apaiz nagusiari eta herrian gelditzen zirenei hau esateko agindu zion:

3 «Ba al da inor zuen artean nire tenplua bere lehengo eder-handian ikusi zuenik? Eta orain nola dagoela iruditzen zaizue? Ez al duzue ikusten ezereztua dagoela?

4 Horregatik diot nik, Jaunak: Izan adore, Zorobabel! Izan adore, Jotzadaken seme Josue apaiz nagusia! Bai zuek ere, lurraldeko guztiok! Ekin lanari, ni zuekin bainaiz. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.

5 Egiptotik atera zinetenean hitzeman nizuenez, nire espiritua zeuekin duzue: ez izan, bada, beldurrik!

6 Bai, honela diot nik, Jaun ahalguztidunak: Denbora gutxi barru, zeru-lurrei eta itsaso-lehorrei dardara eragingo diet.

7 Herri guztiak dardararaziko ditut, eta herri guztietako ondasunak hemen bilduko dira, eta neure etxea ospez beteko dut. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.

8 Neurea dut zilarra, neurea urrea. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.

9 Etxe honen ospea lehengoarena baino handiagoa izango da —hala diot nik, Jaun ahalguztidunak—, eta leku honetan emango dut bakea. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak».

Jaunaren herria kutsatua

10 Darioren erregealdiko bigarren urteko bederatzigarren hilaren hogeita lauan, berriro mintzatu zitzaion Jauna Ageo profetari,

11 eta Jaun ahalguztidunaren izenean legeari buruzko galdera hauek apaizei egiteko agindu zion:

12 «Eman dezagun norbaitek okela sagaratua daramala bere jantzian eta jantzi-ertzak ogia, eltzekoa, ardoa, olioa nahiz bestelako janariren bat ukitzen duela; janari hauek sagaratu bihurtzen ote dira?» Apaizek ezetz erantzun zuten.

13 Eta Ageok, berriro ere: «Eta eman dezagun, gorpu bat ukituz kutsatu den norbaitek gauza horietakoren bat ukitzen duela; ez ote da gauza hori kutsatua geldituko?» Apaizek baietz erantzun zuten.

14 Orduan, Ageok esan zuen: «Honela dio Jaunak: Halaxe da jende hau eta herri hau ere nire aurrean. Egiten duten eta eskaintzen didaten guztia kutsatua dago.

Jaunak bedeinkazioa agindu

15 «Baina gaurtik aurrera egizue gogoeta. Tenplua eraikitzeko harriak jartzen hasi aurretik,

16 zer gertatu ohi zitzaizuen? Hogei anega zeudelakoan ale-pilara joan, eta hamar besterik ez; berrogeita hamar litro zeudelakoan dolarera joan, eta hogei besterik ez.

17 Egin duzuen guztia desegin dizuet gorrin, herdoil eta txingorraz, baina ez zarete inor niregana bihurtu.

18 Egizue gogoeta gaurtik aurrera. Gaur, bederatzigarren hilaren hogeita lauan, jarri dira nire tenpluaren oinarriak. Gogoeta egizue.

19 Mandioan ez zen alerik. Mahatsondoak, pikondoak, granadondoak eta olibondoak ez zuten fruiturik ematen. Gaurtik aurrera, ordea, bedeinkatu egingo zaituztet».

Jaunak Zorobabeli promes egin

20 Egun berean, hilaren hogeita lauan, Jauna berriro mintzatu zitzaion Ageori,

21 eta Judako gobernari Zorobabeli mezu hau emateko agindu zion: «Zeru-lurrak dardaraziko ditut.

22 Errege-tronuak irauli eta giza erreinuen ahalmena desegingo dut; guda-gurdiak eta gurdikoak irauliko ditut, eta zaldiak eta zaldizkoak eroriko dira, batak bestea ezpataz jota.

23 Egun hartan —hala diot nik, Jaun ahalguztidunak— neurekin hartuko zaitut, Xealtielen seme Zorobabel ene zerbitzari hori, eta neure zigilu egingo zaitut, neuk aukeratu baitzaitut. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak».

Kapituluak

1 2