Amos 7 EABD

IKUSKARIAK (7,1—9,15)

Lehenengo ikuskaria: matxinsaltoak

1 Hona zer erakutsi zidan Jainko Jaunak: bibelarra, errege-abereei dagokien lehen belarraren ostekoa, hazten ari zela, matxinsaltoak sortu zituen berak.

2 Matxinsaltoek lurraldeko belar guztia garbitu zutenean, esan nuen:—Ene Jainko Jauna, barkatu, arren! Nola eutsiko dio, bada, Israel herriak bere biziari, hain txikia izanik?

3 Errukitu zen Jauna, eta esan zuen:—Ez da horrelakorik gertatuko!

Bigarren ikuskaria: suaren zigorra

4 Beste hau ere erakutsi zidan Jainko Jaunak: bere herria suaz zigortzera zetorren bera, eta suak lurpeko itsaso handia eta Israel, Jainkoaren ondarea, irentsi behar zituen.

5 Nik esan nuen:—Ene Jainko Jauna, zaude geldi! Nola eutsiko dio, bada, Israel herriak bere biziari, hain txikia izanik?

6 Errukitu zen Jainko Jauna, eta esan zuen:—Hau ere ez da gertatuko!

Hirugarren ikuskaria: berun-haria

7 Beste hau ere erakutsi zidan Jaunak: horma baten ondoan zegoen bera, eskuan berun-haria zuela.

8 Jaunak galdetu zidan:—Zer ikusten duzu, Amos?—Berun-haria —erantzun nion.Eta Jaunak:—Horra, berun-hari honetaz, neure herria zuzen ote dabilen ikusi nahi dut. Ez baitut gehiago ez ikusiarenik egingo.

9 «Isaaken ondorengoen kultu-lekuaksoilduak izango dira,Israelen santutegiak deseginak.Jeroboamen errege-etxearen aurkaezpata jasoko dut».

Amatzias eta Amos

10 Betelgo apaiz Amatziasek berri hau igorri zion Israelgo errege Jeroboami: «Hemen, israeldarren artean, Amos azpilanean ari zaizu. Herriak ezin du gehiago jasan haren esanik.

11 «Honela ari baita:“Jeroboam ezpataz hilko da,eta Israel herriaerbestera eramango dute,bere lurraldetik urrun”».

12 Orduan, Amatziasek Amosi esan zion:—Ikusle, zoaz, alde hemendik Juda lurraldera. Egin han profetarena eta irabazi han zeure ogia.

13 Baina Betelen ez ari gehiago profetagintzan, hau errege-santutegi baita eta erreinuko jauretxe.

14 Amosek erantzun zion:—Ni ez naiz profeta, ez eta profeta-taldekidea. Abeltzaina naiz eta basapiku-biltzailea.

15 Baina Jaunak artzain nenbilelarik hartu ninduen eta bere herri Israeli bere mezua hots egitera bidali.

16 Orain, bada, entzun Jaunaren hitza. Zuk diozu, ez dezadala Jaunaren mezua Israelen kontra hots egin, ez nadila mintza Isaaken ondorengoen aurka.

17 Hala ere, hona zer dioen Jaunak:«Zure andreaemagaldu bihurtuko da hirian,zure seme-alabakezpatapean hilko dira,zure lurraldea banatua izango da,zu zeu atzerrian hilko zaraeta Israel herriaerbestera eramango dute,bere lurraldetik urrun».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9