1 Hona hemen Baruken liburua. Baruk Neriasen semea zen, eta haren arbasoak Maasias, Sedekias, Asadias eta Helkias izan ziren. Liburua Babilonian idatzi zuen,
2 babiloniarrek Jerusalem hartu eta erre ondorengo bosgarren urteko hilaren zazpian.
3 Barukek Joiakimen seme Jekonias Judako erregearen eta entzutera etorritako herri guztiaren aurrean irakurri zuen liburua;
4 handikiak, printzeak, herri-agintariak eta herritar guztiak bildu ziren, hots, Babilonian, Sud ibai inguruan, bizi ziren israeldar guztiak, txiki eta handi.
5 Guztiek negar, barau eta otoitz egin zuten.
6 Gero, diru-bilketa egin zuten, bakoitzak bere ahalbideen neurrian eman zuelarik;
7 eta dirua Jerusalemera, Helkiasen seme eta Salomen iloba zen Joakim apaizari eta Jerusalemen bizi ziren beste apaiz eta herritarrei bidali zieten.