6 Gero, diru-bilketa egin zuten, bakoitzak bere ahalbideen neurrian eman zuelarik;
7 eta dirua Jerusalemera, Helkiasen seme eta Salomen iloba zen Joakim apaizari eta Jerusalemen bizi ziren beste apaiz eta herritarrei bidali zieten.
8 Aldez aurretik, Siban hilaren hamarrerako, berreskuratuak zituen Barukek babiloniarrek tenplutik harrapatutako ontziak, Jerusalemera berriro itzultzeko; Josiasen seme eta Judako errege Sedekiasek eginarazitako ontziak ziren,
9 Babiloniako errege Nabukodonosorrek Jekonias erregea, buruzagi, esklabo, handiki eta herriko jendearekin, Jerusalemdik Babiloniara eraman ondoren.
10 Mezu hau bidali zieten: «Dirua bidaltzen dizuegu, erre-opari eta barkamen-oparietarako abereak eta intsentsua eros ditzazuen; eskaini labore-opari eta sakrifizioak Jaunaren, gure Jainkoaren, aldare gainean,
11 eta egizue otoitz Babiloniako errege Nabukodonosorren eta beronen seme Baltasarren osasunerako, zeruak dirauen artean bizi daitezen;
12 eman diezazkigula Jaunak indarra eta argia Babiloniako errege Nabukodonosor eta beronen seme Baltasarren babespean bizi ahal izateko; luzaroan zerbitza ahal ditzagula eta berorien onginahia geureganatu.