14 Garai hartan asko jaikiko dira hegoaldeko erregearen aurka; haien artean zure herriko gizon oldarkor batzuk ere bai, goi-ikuskariren bat betetzen dutelakoan, baina porrot egingo dute.
15 Iparraldeko erregea izango da berriro erasoan eta hiri gotor bat hartuko du. Hegoaldeko indarrek ezin izango diote aurre egin, ezta gudari aukeratuenek ere.
16 Nahi duena egingo du iparraldekoak, ezin izango baitio inork eutsi. Lurralde Guztiz Ederrean geratuko da, hondamena ekarriz.
17 Bere indar guztiekin hegoaldeko erreinuaz jabetzea erabakiko du. Horretarako, hegoaldeko erregearekin hitzarmena egingo du, alaba emaztetzat emanez, haren erreinua hondatzeko asmoz; baina ez du lortuko bere xedea.
18 Gero, kostaldeko lurraldeetara joko du eta haietako asko hartuko ditu menpean; baina atzerriko buruzagi batek bukaraziko ditu haren harrokeriak, eta berak erantzuterik ez du izango .
19 Orduan, bere herrialdeko gotorlekuak hartzera joango da, baina arrakastarik gabe; bertan eroriko da, eta arrastorik ere utzi gabe desagertuko.
20 Beste errege bat izango da haren ordez; honek ordezkari bat bidaliko du Jerusalemgo tenpluko altxorraz jabetzera; denbora gutxiren barruan hau ere hil egingo dute, baina ez jendearen aurrean, ezta gerratean ere.