Daniel 7 EABD

Danielen lehen ikuskaria: lau piztitzarrak

1 Babiloniako errege Belxatzarren erregealdiko lehen urtean, ametsa eta ikuskariak izan zituen Danielek ohean zegoela. Gero, idatzi egin zuen ametsa.

2 Hona Danielen kontakizuna: «Ikuskari bat izan nuen gauez: Ortziko lau ertzetatik haize indartsu batek itsaso handia harrotzen zuen.

3 Eta lau piztitzar, laurak ezberdinak, atera ziren itsasotik.

4 Lehenengoak lehoia zirudien, baina arranoaren hegalak zituen; hari begira nengoela, kendu egin zizkioten hegoak eta, lurretik altxaraziz, bi hanken gainean jarrarazi zuten, gizakia bezala, eta giza adimena eman zioten.

5 Bigarren piztiak hartza zirudien: erdi jaikita zegoen eta ahoan, hortz artean, hiru saihets-hezur zituen. Honela esan zioten: “Jaiki eta jan haragia ugari!”

6 Gero, begira nengoela, beste piztia bat ikusi nuen, lehoinabarraren antzekoa: bizkarraldean lau hego zituen eta lau buru, eta boterea eman zioten.

7 Nire gau-ikuskarietan laugarren piztia bat ikusi nuen: beldurgarria zen, izugarria eta guztiz indartsua; burdinazko hagin handiak zituen; dena irensten eta txikitzen zuen, jan gabe uzten zuena hankapean apurtzen zuelarik. Beste piztiak ez bezalakoa zen; hamar adar zituen.

8 «Adarrei begira nengoela, adar txikiago bat atera zitzaion beste adarren artean, eta hauetako hiru erauzi zizkion. Adar berri hark gizakiarenak bezalako begiak eta harrokeriaz hitz egiten zuen ahoa zituen.

Jainkoaren epaia

9 «Begira nengoela, hona hemen zer ikusi nuen: Errege-aulki batzuk jarri zituzten eta gizon zahar bat jesarri zen.«Haren jantzia elurra bezain zuri,buruko ileak artilea bezain garbi!Haren aulkia eta gurpilaksugar kiskalgarri!

10 Suzko ibai batateratzen zen haren aurretik.Jendetza izugarria zuen zerbitzari,milaka eta milaka zeudenharen aurrean zutik.Auzia hasieta zabaldu ziren liburuak.

11 «Oraindik begira nengoen, adar txiki hark esaten zituen hitz harroengatik harriturik. Honetan, akabatu egin zuten laugarren piztitzarra; haren gorpua txikitu eta sutara bota zuten.

12 Beste piztiei agintea kendu zieten, baina bizirik utzi zituzten aldi baterako.

13 «Nire gau-ikuskarietan, gizaseme antzeko bat ikusi nuen zeruetako hodeietan etortzen. Gizon zaharrarengana hurbildu zenean, honi aurkeztu zioten.

14 Agintea, aintza eta erregetza eman zizkioten: herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeak zerbitzatzen zuen.«Haren aginteak beti iraungo du,ez du azkenik izango,haren erregetzaez da inoiz hondatuko.

Lehenengo ikuskariaren azalpena

15 «Ikara larrian nengoen ni, Daniel, neure barruan, ikusten ari nintzen guztiengatik.

16 Zutik zeuden haietako batengana hurbildu eta ikusi nuen guztiaren egiazko esanahia azaltzeko eskatu nion. Guztiaren argitasuna eman zidan hark:

17 Lau piztitzar horiek munduan sortuko diren lau erreinu dira.

18 Baina horien ondoren, Goi-goikoaren herri santuari emango zaio erreinua, eta harena izango da betiko.

19 «Gero, laugarren piztitzar hura zer izan zitekeen jakin nahi nuen, hain baitzen besteak ez bezalakoa: guztiz ikaragarria zen, burdinazko haginak eta brontzezko atzaparrak zituena; dena irensten eta txikitzen zuen, jan gabe uzten zuena hankapean apurtzen zuelarik.

20 Jakin nahi nuen orobat zer esan nahi ote zuten haren buruko hamar adarrek, baita besteen artean atera eta hauetariko hiru erauzi zizkion adar txikiak ere; baita zergatik zituen adar txikiak begiak eta harrokeriazko hitzak zerizkion ahoa, eta zergatik agertzen zen besteak baino handiago.

21 «Begira nengoela, adar hura Jainkoaren herri santuaren kontra borrokan ari zen eta ia menderaturik zeukan;

22 baina etorri zen gizon zaharra eta goi-goiko Jainkoaren herri santuaren alde atera zen, heldua baitzen herri santua erreinuaren jabe egiteko garaia.

23 «Ondoren, honela hitz egin zidan: Laugarren piztia lur gainean izango den laugarren erreinua da, beste hirurak ez bezalakoa. Mundu osoa irentsiko du, hanka azpian hartuko eta txikituko.

24 Hamar adarrak, erreinu honetan izango diren hamar errege dira. Ondoren, beste bat etorriko da, aurrekoak ez bezalakoa, haietako hiru errege menderatu eta gero.

25 Goi-goikoaren aurka biraoka arituko da eta herri santua gaizki erabiliko du: jaiak eta legea aldatu nahi izango ditu. Hiru urte eta erdiz egongo da herri santua haren menpean.

26 Baina etorriko zaio auzi-garaia, eta kendu egingo diote agintea, eta erabat hondatua eta ezereztua utziko dute.

27 «Orduan, Goi-goikoaren herri santuari emango zaizkio zerupean dauden erreinu guztietako erregetza, agintea eta handitasuna. Beti iraungo du herri horren erregetzak, eta munduko botere guztiek obedituko diote eta zerbitzatuko.

28 «Hemen amaitzen da kontaera. Ni, Daniel, neure burutazioak zirela eta, oso beldurturik gelditu nintzen, aurpegia zurbil; baina hauek guztiak barruan gorde nituen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12