22 Erasoko dioten gudaroste guztiak suntsituko ditu, eta itunaren herriko buruzagi bat ere hilko du.
23 Aldeko dituenez baliatuz eta maltzurkeriaz jokatuz, gero eta indartsuago egingo da, berekin lagun gutxi izanik ere.
24 Inork gutxien uste duenean, eskualdeko lurrik aberatsenetara sartuko da eta beraren arbasoak egiten ausartu ez zirena egingo du: bere gizonen artean banatuko ditu lapurtutako harrapakinak eta aberastasunak. Azpijokoz gotorlekuak hartzeko asmotan ibiliko da. Baina denbora gutxirako izango da.
25 «“Bere indar eta ausardiaz fidaturik, hegoaldeko erregeari erasoko dio gudaroste handi batez. Hegoaldeko erregea, berriz, gudaroste guztiz handiarekin aterako zaio aurka; baina honek ezin izango dio aurre egin, haren azpijokoek hondatuko dute eta;
26 laguntzailerik gertukoenek salduko dute, beraren gudarostea hondatua izango da eta gudari asko hilak.
27 Gero, mahaian eseriko dira bi erregeak; baina asmo txarrez beterik egongo direnez, gezurra besterik ez diote elkarri esango. Ez dute ezer onik aterako, ez baita artean azken epea betea izango.
28 Iparraldeko erregea bere lurraldera itzuliko da aberastasun handirekin, eta itun santuko herria hondatzea erabakiko du, eta, erabakia betetzean, bere herrira itzuliko da.