27 Gero, mahaian eseriko dira bi erregeak; baina asmo txarrez beterik egongo direnez, gezurra besterik ez diote elkarri esango. Ez dute ezer onik aterako, ez baita artean azken epea betea izango.
28 Iparraldeko erregea bere lurraldera itzuliko da aberastasun handirekin, eta itun santuko herria hondatzea erabakiko du, eta, erabakia betetzean, bere herrira itzuliko da.
29 «“Bere garaian, hegoaldeko erreinuaren aurka joango da berriro; baina orduan ez zaizkio aterako gauzak lehen bezala.
30 Mendebaldetik erromatarren itsasontziek erasoko diote. Adorea galdurik, atzera egin beharko du; orduan, itun santuko herriaren aurka hustuko du bere amorrua; horretarako, itun santua alde batera utzi dutenen laguntzaz baliatuko da.
31 Santutegia eta tenpluko gotorlekua profanatu egingo dituzte haren gudariek, eguneroko oparia kendu eta idolo higuingarria ezarriko aldare gainean.
32 Bide okerrera eramango ditu zurikeriazko promesez ituna hautsi dutenak. Baina sendo iraungo dute eta gogor ekingo Jainkoa aintzakotzat hartzen dutenek.
33 Herriko jakintsuek jende askori irakatsiko diote; baina epe baten barruan, hil edo erre egingo dituzte, gatibu eraman edo ondasunak kendu.