35 Une berean, burdina eta buztina ez ezik, brontzea, zilarra eta urrea ere hauts eginda gelditu ziren, eta haizeak eraman zituen, udan larraineko lastoa bezala, arrastorik ere utzi gabe. Bitartean, irudia jo zuen harria mendi handi bilakatu zen, eta mundu osoa bete zuen.
36 Horixe izan da zure ametsa, errege jauna. Orain, ametsaren esanahia azalduko dizut.
37 «Zeu zara denetan erregerik handiena. Zeuri eman dizkizu zeruko Jainkoak erregetza, agintea, ahalmena eta ohorea;
38 zure menpe utzi ditu gizon-emakumeak, piztiak eta hegaztiak, nonahi bizi direla ere; guztien nagusi egin zaitu. Urrezko burua zeu zara!
39 Zure ondoren, beste erreinu bat sortuko da, zurea baino txikiagoa. Gero hirugarren bat, brontzezkoa, mundu osoa menderatuko duena.
40 Laugarren erreinu bat ere izango da, burdina bezain gogorra; nola burdinak dena puskatu eta apurtzen duen, hala puskatu eta apurtuko ditu hark beste erreinuak.
41 «Ikusi duzunez, oinak eta behatzak burdinazkoak eta zeramika-buztinezkoak ziren; erreinua zatitua izango dela esan nahi du horrek. Izango du, bai, burdinaren gogortasunik ere, burdina buztinarekin nahasia baitago, ikusi duzun bezala.