17 Zuhaitz handia eta sendoa ikusi duzu, garaieraz zerurainokoa, munduaren azken ertzetik ikus zitekeena.
18 Haren hostoak ederrak ziren eta sorkari guztiak asetzeko adina fruitu zuen. Basapiztiek abaro egiten zuten haren itzalean eta hegaztiek habia adarretan.
19 Errege jauna, zeu zara zuhaitz hori! Handi eta sendo egin zara zeu ere; zeruraino iritsi da zure handitasuna, lurraren ertzeraino zabaldu zure boterea.
20 Gero, aingeru zaindaria ikusi duzu zerutik jaisten; honela zioen: «Bota zuhaitza eta txikitu! Zuhaitzondoa, ostera, utzi lurrean bere erroekin eta lotu burdinazko eta brontzezko kateez zelaiko belarretan. Busti beza zeruko ihintzak eta bizi bedi horrela zazpi urtez basapiztien antzera».
21 Errege jauna, hara esanahia, hara Goi-goikoak zuri buruz hartu duen erabakia:
22 Gizartetik botako zaituzte, basapiztien artean biziko zara, belarra jango duzu idiek bezala eta ortziko ihintzak bustiko zaitu. Zazpi urtez egongo zara horrela, Goi-goikoa giza erreinu guztien jabea dela eta berak nahi duena ezartzen duela errege aitortuko duzun arte.
23 Zuhaitzondoa eta erroak uzteko aginduak, berriz, hauxe esan nahi du: denen jabea zeruko Jainkoa dela aitortuko duzunean, errege izango zarela berriro.