19 Gero, erregeak bere jauregira itzuli eta emakumerik gabe eta baraurik igaro zuen gaua. Ezin izan zuen gau osoan lorik egin.
20 Eguna argitu orduko, jaiki zen erregea eta lehoi-zulora joan zen lasterka batean.
21 Lehoi-zulora hurbiltzean, Danieli hots egin zion ahots saminez:—Daniel, Jainko biziaren zerbitzaria! Hain iraupen handiz zerbitzatzen duzun Jainkoak libratu al zaitu lehoiengandik?
22 Danielek erantzun zion:—Bizi zaitez luzaro, errege jauna!
23 Nire Jainkoak aingerua bidali du lehoien ahoak ixtera, eta ez didate kalterik egin. Izan ere, badaki nire Jainkoak errugabe naizela eta zure aurka, errege jauna, ez dudala hobenik egin.
24 Orduan, erregeak, pozaren pozez, Daniel zulotik ateratzeko agindu zuen. Atera zutenean, ez zuen urratu bat ere, Jainkoarengan jarri baitzuen bere uste ona.
25 Gero, Danielen salatzaileak ekartzeko agindu zuen erregeak, eta lehoi-zulora jaurti zituzten beren emazte eta seme-alabekin batera. Eta zulo barrenera heldu baino lehen, lehoiek beren atzaparretan hartu eta txiki-txiki egin zituzten.