7 Jauna, zu bakarrik zuzena! Gu, ordea, lotsa gorrian gaude: Jerusalemgo bizilagunok, Judako herria, israeldar guztiak, hemen bizi garenok eta urrutikoak, zurekiko desleial izateagatik beste lurraldeetara sakabanatu dituzunak.
8 «Bai, Jauna, lotsaturik gaude, geu eta gure erregeak, gure buruzagi eta gurasoak, bekatu egin baitugu zure aurka!
9 Baina zure aurka jaiki bagara ere, zu, Jainko Jaun hori, gupidatsua zara eta barkatzen dakizuna!
10 Ez dizugu entzun, zeure zerbitzari profeten bidez emandako legeak betetzeko eskatu diguzunean.
11 Israel herri osoak hautsi egin du zure legea, eta bizkarra eman dizu zure esana ez betetzearren. Horregatik erori zaigu gainera zure zerbitzari Moisesen legean idatzitako madarikazioa, zure aurka bekatu egin dugulako.
12 Bete egin duzu, gure eta gure gobernarien aurka eman zenuen hitza, beste inon ere ikusi ez den bezalako zoritxar izugarria Jerusalemera bidaliz.
13 Moisesen legean idatzirik dagoen bezalaxe, hain zuzen, etorri zaigu gainera hainbesteko zoritxar hau; hala ere, Jauna, ez gara zure haserrea baretzen ahalegindu, gure bekatuetatik urrunduz eta zure leialtasuna aitortuz.