1 Jesus Mesias dela sinesten duen oro Jainkoarengandik jaioa da, eta aita maite duenak beraren seme-alabak ere maite ditu.
2 Beraz, Jainkoa maitatu eta beraren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu Jainkoaren seme-alabak ere maite dituguna.
3 Izan ere, Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak,
4 Jainkoarengandik jaio den orok garaitu egiten baitu mundua. Eta munduaren gain garaipena ematen diguna gure sinesmena da.
5 Zeren, nork garaitzen du mundua, Jesus Jainkoaren Seme dela sinesten duenak baizik?
6 Jesu Kristo bataioko uraz eta heriotzako odolaz etorri zen; ez zen uraz bakarrik etorri, uraz eta odolaz baizik. Eta Espiritua da horren testigantza egiten duena, Espiritua egia baita.
7 Hiru dira, bada, testigantza egiten dutenak:
8 Espiritua, ura eta odola, eta hirurok bat datoz.
9 Gizakien testigantza onartzen baldin badugu, are indartsuagoa da Jainkoaren testigantza, eta Jainkoak bere Semearen alde egin du testigantza.
10 Jainkoaren Semearengan sinesten duenak bere baitan du testigantza hori; Jainkoari sinesten ez dionak, berriz, gezurti egiten du bera, ez baitu sinesten Jainkoak bere Semearen alde egin duen testigantza.
11 Hauxe da testigantza: Jainkoak betiko bizia eman digula, eta bere Semearen bidez eman ere.
12 Semea berekin duenak bizia du; Jainkoaren Semea ez duenak ez du bizirik.
13 Zuei, Jainkoaren Semearengan sinetsi duzuenoi, idatzi dizkizuet gauza hauek, betiko bizia duzuela jakin dezazuen.
14 Konfiantza osoa dugu Jainkoarengana jotzeko, ongi baitakigu, bere nahiaren arabera zerbait eskatzen badiogu, entzun egiten digula.
15 Eta, gure eskariak entzuten dituela jakinik, ziur gaude eskuan daukagula eskatutako guztia.
16 Norbaitek, heriotzara ez daraman bekaturen bat egiten ikusten badu bere senidea, egin beza otoitz eta Jainkoak bizia emango dio; heriotzara ez daraman bekatua egiten dutenei buruz diot hau. Izan ere, bada heriotzara daraman bekatua ere, eta ez dut esaten horren alde eskatzeko.
17 Gaiztakeria oro bekatu da, baina bada heriotzara ez daraman bekaturik.
18 Badakigu Jainkoarengandik jaio denak ez duela bekatu egiten, Jainkoaren Semeak zaintzen baitu, eta Gaiztoak ezin dio inolako kalterik egin.
19 Badakigu Jainkoarenak garela eta mundu osoa Gaiztoaren esku dagoela.
20 Badakigu Jainkoaren Semea etorri dena eta adimena eman diguna egiazko Jainkoa ezagutzeko. Egiazko Jainkoarekin bat eginik gaude, beraren Seme Jesu Kristorekin bat eginda egonik. Hauxe dugu egiazko Jainkoa eta betiko bizia.
21 Seme-alabatxook, ibili kontuz idoloekin.