1 Pedro 2 EAB

1 Beraz, gaiztakeria guztiak —maltzurkeria, itxurazalekeria, bekaizkeria eta gaizki-esateak— alde batera utzirik,

2 haur jaioberriek bezala, irrika ezazue hitzaren esne garbia, horren bidez hazi eta salbamen betera hel zaitezten,

3 Jauna zein ona den dastatu duzuenez gero.

Kristo harri bizia eta Jainkoaren herri berria

4 Hurbil zaitezte Jaunarengana. Bera da harri bizia, gizonek baztertua, baina Jainkoaren begietan aukeratua eta bikaina.

5 Horrela, zuek ere harri biziaz osaturiko espirituzko tenplu egingo zaituzte Jainkoak eta apaiz sagaratuko, Jainkoari atsegin zaizkion espirituzko opariak Jesu Kristoren bitartez eskaintzeko.

6 Hau dio, izan ere, Liburu Santuak: Hona nik Sionen harri bat ipini, giltzarri aukeratu eta bikaina. Horretan sinesten duenak ez du huts egingo.

7 Zuentzat, beraz, sinesten duzuenontzat, harri hori balio handikoa da; sinesten ez dutenentzat, berriz, Liburu Santuak dioenez, etxegileek bazterturiko harria kantoi-harri bihurtu da;

8 eta baita behaztopa-harri ere, erorarazteko harkaitz.Behaztopa egiten dute mezua onartu nahi ez dutelako: hori da ezarri zaien zoria.

9 Zuek, ordea, jatorri aukeratuzarete, errege-apaizgo, nazio sagaratu, Jainkoak beretzat irabazitako herri, ilunpetatik bere argi zoragarrira deitu zaituzten Jainkoaren egintza bikainak iragar ditzazuen.

10 Garai batean herri ere ez zinetenok,orain Jainkoaren herri zarete;errukirik gabe zeundetenok,orain errukia iritsi duzue.

Kristau-bizitza jentilen artean

11 Ene maiteok, munduan arrotz eta atzerritar zaretenez, arren eskatzen dizuet utz ditzazuela alde batera zuen kontra borrokan ari diren giza grina gaiztoak.

12 Joka ezazue ongi jentilen artean; horrela, orain gaizkiletzat salatzen bazaituztete ere, zuen egintza onak aitortu beharko dituzte eta Jainkoa goretsiko dute, hura kontuak hartzera etortzean.

Agintariekin harremanak

13 Jaunarengatik, izan zaitezte giza agintari guztien menpeko: bai denen gain agintea duen erregearen menpeko,

14 baita gobernarien menpeko ere, hark ezarriak baitira, gaizkileak zigortzeko eta on egiten dutenak saritzeko.

15 Izan ere, hau da Jainkoaren borondatea: zuek, on eginez, zentzugabe eta ezjakinak isilaraztea.

16 Joka ezazue pertsona libre bezala; ez, ordea, askatasuna gaiztakeriaren estalkitzat erabiliz, zeuen buruak Jainkoaren zerbitzura jarriz baizik.

17 Errespetatu guztiak, maitatu senideak, izan begirune Jainkoari eta errespetua erregeari.

Esklaboen harremanak nagusiekin

18 Zuek, esklabook, izan errespetu osoz zeuen nagusien menpeko, ez on eta bihozbera direnen menpeko bakarrik, baizik eta gogorrak direnen menpeko ere bai.

19 Gauza ederra baita, Jainkoa ezagutzen duenarentzat, bidegabeko sufrimenduak eramatea.

20 Izan ere, zerbait gaizki egiteagatik zigortuko bazintuztete, zer merezimendu izango zenukete? Baina on egiteagatik sufritu behar baduzue, hori gauza ederra da Jainkoaren aurrean.

21 Izan ere, honetarako deitu zaituzte Jainkoak: Kristok, zuengatik sufrituz, ikasbide eman zizuen, zuek ere haren urratsei jarraituz joka dezazuen.

22 Hark ez zuenbekaturik egin, ez zen haren ahoan maltzurkeriarik;

23 iraintzen zutenean,ez zuen irainez erantzuten;sufriarazten ziotenean,ez zuen mehatxurik egiten;aitzitik,zuzen epaitzen duenaren eskuetanjartzen zuen bere burua.

24 Gure bekatuak bere gain hartueta gurutzeraino eraman zituen,gu ere,bekatuzko bizierari uko eginez,zuzentasunaren araberabizi gaitezen.Haren zauriek sendatu zaituztete.

25 Galdurik zenbiltzaten,ardiak bezala;baina orain zeuen artzaineta zaintzaileagana itzuli zarete.

Kapituluak

1 2 3 4 5