1 Nik, Paulok, aurrez aurre hain apal eta urrutitik hain zorrotz omen naizen honek, Kristoren otzantasun eta bihozberatasunagatik erregutzen dizuet:
2 ez nazazue, arren, zorrotz jokatzera behartu zeuekin izango nauzuenean, prest bainago gogor aurre egiteko giza irizpidez jokatzen dudala esaten duten horiei.
3 Gizakia naiz, bai, baina ez naiz giza irizpidez ari borrokan.
4 Gure borrokako armak ez dira gizakiarenak, Jainkoarenak baizik, eta hiri gotorrak ere errausteko indarra dute: argudio faltsuak
5 eta Jainkoaren ezagutzaren aurka altxatzen den harropuzkeria oro errausten ditugu, eta giza arrazoiketa oro Kristoren morrontzapean jartzen, berari obedi diezaion;
6 eta prest gaude edozein desobedientzia zigortzeko, zuen obedientzia bere betera iritsiko denean.
7 Itxurari baizik ez diozue begiratzen. Kristorena dela uste duenak izan beza gogoan bera bezain Kristorena naizela ni ere.
8 Eta neure aginpideaz harro sentitzen banaiz, agian behar baino gehiago, ez naiz lotsatzen; izan ere, zuei fedean hazten laguntzeko, eta ez hondatzeko, eman zidan Jaunak aginpide hau.
9 Ez dizuet eman nahi gutunez bakarrik beldurgarria naizeneko itxura.
10 Zenbaitek dio: «Gutunak gogorrak eta zorrotzak dira; baina bera itxura kaskarreko gizona da eta hizlari eskasa».
11 Hori dioenak jakin beza, urrutitik eta gutunez naizen bezalakoa izango naizela hurbiletik eta egintzetan ere.
12 Egia esan, ez dut ausardiarik beren buruak goraipatzen dituzten horien pareko edo kidekotzat neure burua emateko. Horrelako horiek zentzu ona galdu dute: lehenengo beren burua hartzen dute neurritzat eta, gero, neurri horrekin balioztatzen dituzte beren buruak.
13 Niri dagokidanez, ez dut neurriz gain harrotu nahi; Jainkoak ezarri didan lan-eremua hartuko dut neurritzat, eta neurri horren muga barruan zaudete zuek ere, korintoarrok.
14 Ez ditut ezarritako neurriaren mugak gainditzen, zuenganaino heldu ez banintz bezala, neu izan bainintzen lehenbizikoa zuei Kristoren berri ona eramaten.
15 Ez naiz, bada, neurriz gain ari, besteen lanaz baliatuz. Hau da, ordea, nire itxaropena: zuen sinesmena haziz doan neurrian, nire lanak gero eta fruitu handiagoa ekarriko duela zuen artean, ezarri zaizkidan mugen barruan;
16 badut zuen lurraldeaz harantzago berri ona zabaltzeko itxaropena ere, baina besteren mugetan sartu gabe, eta bestek landutakoaz harrotu gabe.
17 Harrotu nahi duena, harro bedi Jaunarengan.
18 Izan ere, ez da onetsia bere burua goratzen duena, Jaunak goratzen duena baizik.