Judas 1 EAB

Agurra

1 Nik, Judasek, Jesu Kristoren zerbitzari eta Santiagoren anaia honek, zuei idazten dizuet, federa deituak izan zaretenoi, Jainko Aitak maite eta Jesu Kristok zaintzen zaituztenoi.

2 Errukia, bakea eta maitasuna oparo izan ditzazuela.

Gutunaren arrazoia: Sasimaisuak

3 Ene maiteok, gogo bizia nuen denoi dagokigun salbamenaz zuei idazteko; baina, orain, beharrak agindurik idazten dizuet eta arren eskatzen borroka egin dezazuela fedearen alde, Jainkoarenak direnei behin betiko eman zaien fedearen alde.

4 Izan ere, bada hor azpikeriaz sartu zaizuen zenbait, aspaldidanik Liburu Santuak kondenatutzat emana, jende sinesgabea. Gure Jainkoaren onginahia jokabide biziotsurako aitzakiatzat hartzen dute eta Jesu Kristo, gure Jaun eta Jabe bakarra, ukatzen.

Iraganeko zigor-adibideak

5 Hau guztia ongi baino hobeki dakizuen arren, berriro gogoratu nahi dizuet. Jaunak, Israel herria Egiptotik atera ondoren, galdu egin zituen sinetsi ez zutenak.

6 Aingeruak ere, beren maila gorde nahi ez eta zegokien tokitik alde egin zutenak, Jainkoak ilunpetan gorderik dauzka, katez betiko loturik, auzi-egun handiaren zain.

7 Sodomak eta Gomorrak eta inguruko hiriek ere, aingeruek bezala, lizunkeriara eta naturaren kontrako bizioetara emanak zeudelako, betiko suaren zigorra jasan zuten, eta hor gelditu dira guztien eskarmenturako.

Sasimaisuen aurka

8 Hala eta guztiz ere, zuen arteko horiek, beren ameskeriek liluraturik, beren gorputza kutsatzen dute, Jaunaren agintea gutxiesten eta maldizioak botatzen dituzte zerutar izakien kontra.

9 Mikel goiaingeruak berak ere ez zuen horrelakorik egin: Moisesen gorpua nork eramango deabruarekin tirabiran zebilela, ez zen ausartu hari ezer iraingarririk esaten; «Jaunak zigor zaitzala» besterik ez zion esan.

10 Horiek, berriz, ezagutzen ez dutena ere iraindu egiten dute, eta arrazoi gabeko senez, animaliek bezala, ezagutzen dutena galbide gertatzen zaie.

11 Errukarriak horiek benetan! Kainen bidetik jo dute, diru-gosez Balaamen okerbidean sartu dira eta, Kore bezala, beren errebeldiagatik galdu.

12 Hori lotsa! Zuen elkarte-otorduetan jan-edanean jarduten dute lasai, beren buruak gizentzen. Haizeak daramatzan euri gabeko laino dira; udazkenean fruiturik ematen ez duten arbola, bi aldiz hilak, sustraitik atereak;

13 itsasoko olatu haserreak dira, beren lotsarien aparra botatzen dutenak; izar iheskorrak, betikotasun guztirako ilunpe beltzak zain dauzkatenak.

14 Horiei buruz iragarri zuen Henokek ere, Adamengandik hasi eta zazpigarren patriarkak, profezia hau: «Hara, Jauna bere milaka eta milaka santurekin dator

15 mundu guztia epaitzera eta gaizkile guztiak kondenatzera, egin dituzten gaiztakeria guztiengatik eta bekatari sinesgabeok Jainkoaren kontra esan dituzten irain guztiengatik».

16 Gaizki-esale dira, beti kexu, beren grinen arabera dabiltzanak; harrokeria besterik ez dute ahoan, eta beren probetxurako lausengatzen dute jendea.

Elkarteari oharpenak eta gomendioak

17 Zuek, ene maiteok, gogoratu Jesu Kristo gure Jaunaren apostoluek aurrez iragarria:

18 «Azken garaietan gizon isekariak izango dira, beren grina zitalen arabera ibiliko direnak».

19 Zatiketak sortzen dituztenak dira horiek, giza mailan bakarrik bizi den jendea, Espirituak gidatu gabea.

20 Baina zuek, ene maiteok, jarrai ezazue zeuen bizitza sinesmen txit santuaren oinarri gainean eraikitzen. Egin otoitz Espiritu Santuaren eraginez;

21 zaudete tinko Jainkoaren maitasunean, betiko bizitza emango dizuen Jesu Kristo gure Jaunaren errukiaren zain.

22 Erruki zaitezte zalantzan dabiltzanez;

23 salba itzazue, sutatik ateraz; gainerakoez izan erruki, baina kontu handiz, beren jokabide txarraz kutsatu duten jantzia bera ere gorrotatuz.

Azkena: Aintza Jainko bakarrari

24 Bekatuan erortzetik gorde eta bere presentzia aintzatsuan akatsik gabe eta pozez beterik agerrarazi zaitzaketenari,

25 gure salbatzaile den Jainko bakarrari, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, aintza, handitasuna, ahalmena eta agintea betidanik, orain eta beti! Amen.

Kapituluak

1