Kolosarrei 3 EAB

1 Beraz, Kristorekin piztu zaretenez gero, bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo Jainkoaren eskuinaldean eseria.

2 Jarri zeuen gogoa goiko gauzetan, ez lurrekoetan,

3 hilik baitzaudete, eta egiazko zuen bizia Kristorekin dago Jainkoarengan gordea.

4 Kristo, zuen bizia, agertuko denean, orduan harekin aintzatsu agertuko zarete zuek ere.

Gizon-emakume berrien jokabidea

5 Hilaraz itzazue, beraz, zeuen baitan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, zikinkeria, irrits eta grina txarrak eta idolatria den diru-gosea.

6 Honelako gauzek pizten dute Jainkoaren haserrea errebeldeen gain.

7 Zuek ere, garai batean, ibiliak zarete horrela, halakoetan bizi zinetenean.

8 Orain, ordea, bazter itzazue horiek guztiak, hau da, haserrea, gorrotoa, gaiztakeria, irainak eta hizkera gordina.

9 Ez jarraitu elkarri gezurrak esaten, izaera zaharra eta beronen araberako jokabidea erantzi

10 eta berria jantzi duzuenez gero; izaki berri zarete, bere egile den Jainkoaren irudira eraberrituz doana, hura gero eta sakonago ezagutzeko.

11 Harentzat ez dago ez greziarrik eta ez judurik, ez erdaindurik eta ez erdaingaberik, ez kultura handiagoko nahiz txikiagokorik, ez esklaborik eta ez librerik: Kristo da dena, eta denetan bizi da.

12 Jainkoak maitatu eta bere herri santu izateko aukeratu zaituztenez gero, jantz zaitezte bihozberatasunez, ontasunez, apaltasunez, otzantasunez, pazientziaz.

13 Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu. Jaunak barkatu zizuen bezala, barkatu zuek ere elkarri.

14 Eta guztien gainetik, jantz zaitezte maitasunez, hau baita elkartasun betearen lokarria.

15 Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan, horretara deitu baitzaituzte Jainkoak gorputz batean elkartuz. Eta izan zaitezte esker oneko.

16 Bizi bedi oparo zuengan Kristoren mezua. Irakatsi eta zentzarazi elkar jakinduria osoz. Kantatu Jainkoari esker onez eta bihotzez salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak.

17 Eta esan nahiz egin dezazuen guztia, egizue Jesus Jaunaren izenean, honen bidez Jainko Aitari eskerrak emanez.

Bizitza berriaren eskakizunak

18 Emazteok, izan senarren menpeko, Jaunaren jarraitzaileei dagokien bezala.

19 Senarrok, maitatu emazteak eta ez izan horiekin zakar.

20 Seme-alabok, izan beti gurasoen esaneko, hori baitu Jaunak gogoko.

21 Gurasook, ez sumindu seme-alabak, bihozgabe ez daitezen.

22 Esklabook, izan beti mundu honetan nagusi dituzuenen esaneko; ez jagolearen begiradapean edo gizakiei atsegin izateko bakarrik, bihotz-bihotzez baizik, Jaunarenganako begiruneagatik.

23 Egin dezazuen guztia egizue gogo osoz, Jaunarentzat bezala eta ez gizakientzat,

24 jakinik Jaunarengandik jasoko duzuen ondarea duzuela saria. Zuek Kristo, benetako nagusia, duzue zerbitzatzen.

25 Gaizki jokatzen duenak, dena dela, bere merezia hartuko du, Jainkoak ez baitu bereizkeriarik egiten.

Kapituluak

1 2 3 4