Santiago 4 EAB

Jaunaren menpean jarri

1 Nondik sortzen dira zeuen artean dituzuen borroka eta haserreak? Ez ote zuen baitan borrokan dabiltzan grina txarretatik?

2 Zerbait irrikatu eta eskuratu ezin duzuenean, hil egiten duzue; zerbait gutiziatu eta lorrezin duzuenean, haserretu eta borroka egiten duzue. Lortzen ez baduzue, Jainkoari eskatzen ez diozuelako da.

3 Eta eskatu eta hartzen ez baduzue, gaizki eskatzen duzuelako da, zeuen grina txarrak asetzeko.

4 Desleial halakook! Ez al dakizue munduaren adiskide izatea Jainkoaren etsai izatea dena? Munduaren adiskide izan nahian dabilena Jainkoaren etsai egiten da.

5 Ala Liburu Santua alferrik ari dela uste al duzue, hau esatean: «Irrika biziz maite du Jainkoak guregan biziarazi duen espiritua»?

6 Baina handiagoa da oraindik ematen digun laguntza, hau baitio Liburu Santuak: Jainkoakaurre egiten die harroei, baina mesede egiten apalei.

7 Jar zaitezte, bada, Jainkoaren menpean; egiozue aurre deabruari, eta ihes egingo du zuengandik.

8 Hurbil zaitezte Jainkoarengana, eta hurbildu egingo zaizue. Bekatariok, garbi itzazue eskuak! Garbitu bihotzak, gogo-biko zaretenok.

9 Aitortu zeuen zoritxarra, egin dolu eta negar. Bihur bedi zuen barrea negar, zuen poza tristura.

10 Apal zaitezte Jaunaren aurrean eta berak goratuko zaituzte.

Bat bakarra epailea

11 Senideok, ez ibili bata bestearengatik gaizki-esaka. Bere senideaz gaizki esaten edo hura epaitzen duenak Jainkoaren legeaz esaten du gaizki eta legea epaitzen du. Eta legea epaitzen baduzu, ez zara legearen betetzaile, epaile baizik.

12 Bat bakarra da legearen emailea eta epailea, salbatzeko eta kondenatzeko eskubidea duena. Zu, ordea, nor zara zeure lagun hurkoa epaitzeko?

Harropuzkeriaren aurka

13 Entzun orain zuek, hau esaten duzuenok: «Gaur edo bihar halako hirira joango gara eta urtebete emango dugu negozioak egiten eta dirua irabazten».

14 Hau esaten duzue eta ez dakizue zuen bizitza bihar zer izango den. Une batez agertu eta berehala desagertzen den lainoa besterik ez zarete eta!

15 Beste hau esan behar zenukete: «Jaunak nahi badu eta bizi bagara, hau eta bestea egingo dugu».

16 Zuek, ordea, zeuen harrokeriaz puztuta zabiltzate, eta horrelako harrokeria guztiak txarrak dira.

17 Nola on egin jakin eta egiten ez duenak bekatu egiten du.

Kapituluak

1 2 3 4 5