1 Hemen kontatzen dena Pertsiako errege Asueroren garaian gertatu zen. Asueroren erresuma Indiatik Etiopiara zabaltzen zen, ehun eta hogeita zazpi eskualde zituelarik.
2 Susa zeritzan hiriburuan zuen Asuerok bere errege-aulkia.
3 Bere erregealdiko hirugarren urtean otordu handia eman zien bere funtzionario nagusi guztiei, Pertsia eta Mediako gudarosteen buruzagiak eta eskualdeetako gobernariak bere inguruan bilduz.
4 Beraren erregetza hain ospetsu egiten zuten aberastasunak eta bere handitasunaren ederra eta distira erakutsi nahi izan zizkien luzaro, sei hilabetez.
5 Aldi honen buruan, Susa hirian ziren denentzat, bai handienentzat, bai apalenentzat, astebetez luzatu zen otordua antolatu zuen erregeak bere jauregiko lorategi-atarian.
6 Bazen han zintzilik liho zurizko eta purpura morezko oihalik; liho eta purpura gorrizko lokarriz zeuden lotuak zilarrezko eraztunetara eta marmolezko zutabetatik esekiak. Urrezko eta zilarrezko etzaulki asko zen han, eta zorua jade, marmol, nakar- eta azabatxe-harlauzaz egina zen.
7 Edalontziak urrezkoak ziren, eta mota guztietakoak; ardoa, berriz, erregeari dagokion oparotasunez eskaintzen zuten.
8 Askatasun osoz edan zitekeen, agindua baitzien erregeak jauregiko zerbitzariei, bazkaldar bakoitzak nahi zuena egiteko.
9 Era berean, Baxti erreginak ere otordua eman zien emakumeei Asuero erregearen jauregi barnean.
10 Zazpigarren egunean, ardoak alaiturik, Asuero erregeak bere zerbitzura zituen zazpi laguntzaileei, Mehuman, Bizta, Harbona, Bigta, Abagta, Zetar eta Karkaxi, dei egin zien,
11 eta Baxti erregina, bere koroa eta guzti, bere aurrera ekartzeko agindu. Zein ederra zen erakutsi nahi zien jende guztiari eta funtzionarioei; izan ere, oso ederra zen.
12 Eman zioten laguntzaileek erregearen aginduaren berri; baina erreginak ez zuen joan nahi izan. Erregea, orduan, sutu eta haserre bizian jarri zen.
13 Dei egin zien lege-jakintsuei, zeren lege eta arauetan adituak direnen aurrean behar baitira errege-arazoak aztertu.
14 Erregeagana hurbildu zirenen artean zeuden Karxena, Xetar, Admata, Tarxix, Meres, Marsena eta Memukan, Pertsia eta Mediako zazpi buruzagiak; hauek sar zitezkeen erregearen aurrera, erreinuko mailarik gorenetakoak zirelako.
15 Erregeak esan zien:—Nik, Asuero erregeak, agindu bat bidali diot morroien bidez Baxti erreginari; berak, ordea, ez du bete nahi izan. Zer dio legeak egin behar litzaiokeela?
16 Memukan mintzatu zen erregearen eta buruzagien aitzinean: «Erregea ez ezik, buruzagiak eta Asuero erregearen erresumako eskualde guztietan bizi diren herriak ere iraindu egin ditu Baxti erreginak.
17 Emakume guztiek izango baitute erreginak egin duenaren berri, eta beren senarrak gutxiesten hasiko dira, esanez: “Asuero erregeak bere aurrera joateko agindu zion Baxti erreginari eta hau ez zitzaion joan”.
18 Aurrerantzean, Pertsia eta Mediako buruzagien emazteek, erregina nola jokatu den ikusirik, gutxietsi egingo dituzte erregearen buruzagiak, eta gutxiespen honek haserreak sortuko ditu.
19 Erregeak ongi baderitzo, eman bedi berorren izenean eta ezarri Pertsia eta Mediako legeen artean aldaezineko agindu hau: “Ez dadila Baxti aurrerantzean Asuero erregeagana inoiz agertu eta hura baino hobea izanen denari eman diezaiola berorrek erregina izatea”.
20 Horrela, erregeak harturiko erabakia, hain zabala den inperio osora hedatuko da. Orduan, emazte guztiek beren senarrei, nola handienei hala apalenei, begirune izanen diete».
21 Erregeak eta buruzagiek ongi iritzi zioten aholku honi, eta erregeak Memukanen esana egin zuen.
22 Gutunak igorri zituen erreinuko eskualde guztietara, eskualde bakoitzeko idazkeran eta herri bakoitzeko hizkeran emanak, gizaseme guztiak nor bere etxeko nagusi izan zitezen aginduz.