1 Ondoren, Haman, Hamedataren seme eta Agag-en jatorrikoa, goi-mailara jaso zuen Asuero erregeak, berekin zituen buruzagi guztien gain goratu eta eseraraziz.
2 Erregearen jauregiko funtzionario guztiak belaunikatzen eta ahuspezten ziren Hamanen aitzinean, erregeak horrela baitzuen agindua. Mardokeo, aldiz, ez zen belaunikatzen, ez ahuspezten.
3 Jauregiko funtzionarioek honela ziotsoten Mardokeori:—Zergatik ez duzu betetzen erregearen agindua?
4 Egunero esaten zioten arren, ez zien jaramonik egiten. Bera judua zela jakinarazi zien Mardokeok. Orduan, Hamani adierazi zioten hori, Mardokeok bere jokabideari eusten ote zion ikusteko.
5 Ikusi zuen Hamanek ez zitzaiola Mardokeo belaunikatzen, ez ahuspezten, eta biziki haserretu zen.