Ester 3:7-13 EAB

7 Asueroren erregealdiaren hamabigarren urteko lehen hilean, hots, Nisan hilean, «pur» edo zotz eginarazi zuen Hamanek, bere asmoak betetzeko egunik eta hilabeterik egokiena zein izango ote zen jakiteko. Hamabigarren hilaren, Adar hilaren, hamahirugarren eguna atera zen.

8 Honela mintzatu zitzaion Haman Asuero erregeari:—Bada zure erresuman jende-mota berezi bat, eskualde guztietako herrien artean sakabanatua. Haien legeak ez dira beste herrienak bezalakoak, eta ez dituzte betetzen erregearen aginduak. Ez zaio erregeari halakoak bakean uztea komeni.

9 Egoki baderitzo, eman beza idatziz erregeak halako horiek suntsiarazteko agindua. Ehundaka tona zilar ipiniko dut nik funtzionarioen esku, errege-gordailura eraman dezaten.

10 Orduan, erregeak eraztuna bere behatzetik atera eta juduen etsai zen Hamani, Hamedataren seme eta Agagen jatorrikoari, eman zion,

11 esanez:—Zilarra zuretzat. Herri horri buruz, egizu nahi duzuna.

12 Lehen hilaren hamahiruan erregearen idazkariei dei egin eta Hamanek agindu bezala idatzi zituzten gutunak, eta erregeorde guztiei, eskualdeetako gobernariei eta herri guztietako buruzagiei igorri zizkieten, nori bere eskualdeko idazkeran eta herriko hizkeran. Asuero erregearen izenean zeuden idatziak eta erregearen eraztunaz zigilatuak.

13 Mezularien bidez bidali zituzten gutunak erreinuko eskualde guztietara. Agindu hau zeramaten: hondatu, hil eta suntsiaraz zitzatela judu guztiak, gazte nahiz zahar, haur nahiz emakume, eta ostu zitzatela haien ondasunak, dena egun berean, hamabigarren hilaren, Adar hilaren, hamahiruan.