4 Izan ere, handia zen Mardokeo erregearen jauregian, eta zabaltzen ari zen haren ospea eskualde guztietan; geroz eta ahaltsuago zen.
5 Beren etsai guztiak ezpataz jo, hil eta suntsitu egin zituzten juduek, lepoa moztuz eta sakailatuz. Nahi izan zuten guztia egin zieten juduek etsaiei.
6 Susa hirian bostehun gizaseme hil eta garbitu zituzten,
7-10 hauen artean Hamedataren seme Hamanen, juduen etsai izanaren, hamar semeak: Parxandata, Dalfon, Aspata, Porata, Adalias, Aridata, Parmaxta, Arisai, Aridai eta Baizata. Hala ere, ez zizkieten ondasunak kendu.
11 Egun berean jakinarazi zioten erregeari zenbat lagun hil zuten Susa hirian.
12 Erregea, orduan, honela mintzatu zitzaion Ester erreginari:—Susa hirian juduek bostehun gizaseme eta Hamanen hamar semeak hil eta garbitu baldin badituzte, zenbat hil ote dituzte erregearen gainerako eskualdeetan? Hala ere, beste zer nahi duzu eskatu? Emango dizut; zuk zer nahi, huraxe egingo da.
13 Esterrek ihardetsi zion:—Erregeak ongi baderitzo, utz diezaiela Susako juduei bihar ere gaurko aginduaren arabera egiten, eta zintzilika ditzatela urkabean Hamanen hamar semeen gorpuak.