Jonas 1 EAB

Jonas Jaunarengandik ihesi

1 Honela hitz egin zion Jaunak Jonasi, Amitairen semeari:

2 «Ea, zoaz Ninivera, hiri handi horretara, eta hots egin nire mezua berorren aurka, bururaino egina bainauka bere gaiztakeriaz».

3 Abiatu zen, bai, Jonas, baina Tarsisera ihes egiteko asmotan, Jaunarengandik urrun. Jafara jaitsi eta Tarsisera zihoan ontzi bat aurkitu zuen; bidesaria ordaindurik, ontziratu egin zen, ontzikoekin batera Tarsisera joateko, Jaunarengandik urrun.

4 Baina Jaunak haize-erauntsia aterarazi zuen eta itsasoa biziki haserretu zen, ontzia lehertzeko zorian jarriz.

5 Marinelak erabat beldurtu eta nor bere jainkoari oihuka hasi ziren. Ontziaren zama arintzeko, hornigaiak itsasora jaurti zituzten.Bitartean, Jonas ontzi barrenera jaitsia zen eta etzanik lozorroan zegoen.

6 Kapitainak hurbildu eta esan zion: «Zer egiten duzu hor lotan? Altxa eta egiozu otoitz zeure jainkoari, ea gutaz arduratzen den eta ez garen galtzen».

7 Marinelek honela ziotsaten elkarri: «Zotz egin dezagun, zoritxar honen erruduna nor den jakiteko».Zozketa eginik, Jonasi atera zitzaion.

8 Honela galdetu zioten, beraz:—Esaguzu: zergatik datorkigu zoritxar hau? Zer egiten duzu hemen eta nondik zatoz? Nongoa zara? Zein herritakoa?

9 Jonasek erantzun zien:—Hebrearra naiz eta Jauna gurtzen dut, zeruko Jainkoa, itsasoa eta lehorra egin zituena.

10 Eta gertatuaren berri eman zien. Jaunarengandik ihesi zebilela jakitean, beldur-ikarak hartu zituen.—Zergatik egin duzu hori? —galdetu zioten—.

11 Zer egin behar dizugu, itsasoa baretzeko?Izan ere, itsasoa gero eta haserreago baitzegoen.

12 Jonasek erantzun zien:—Hartu eta bota nazazue uretara eta baretuko da itsasoa. Jakin badakit-eta ekaitza nire erruz gertatu zaizuela.

13 Hala ere, lehorrera nahian ziharduten arraunean marinelek; baina alferrik, itsasoa haserreagotuz baitzihoan.

14 Orduan, Jaunari erreguka hasi zitzaizkion: «Ai ene, Jauna! Ez gaitezela gizon honengatik gal, ez dezagula ere errugabe bat hil. Jauna, zeuk hala nahita egin duzu hau guztia».

15 Hartu eta itsasora bota zuten Jonas, eta une berean baretu zen itsasoa.

16 Gizon haiek beldur handia hartu zioten Jaunari, eta sakrifizio bat eskaini eta promesak egin zizkioten.

Kapituluak

1 2 3 4